#AmaIzateaZerDa

Gorka etxabe/

Espainiar Estatuko esneki eta elikagai marka ezagun batek abian jarritako kanpaina baten berri izan dut. Ordenagailua piztu eta hasi naiz kanpainaren gaineko erreferentzien bila eta aurkitutakoa gustatu zait. Komunikazio eta marketin kanpainaren lehenengo mezuek eta mezu nagusiak ez diete markak komertzializatzen dituen produktuei inolako aipamenik egiten (ez dut markaren izena esango baina nik esan gabe jakingo duzue eta aurkituko duzue sarean aipatu marka eta kanpaina). Deigarria den eta erakargarria iruditzen zaidan galdera batek agintzen du kanpainan. Zer da zuretzat Ama izatea? Gaztelania arautzen duen Espainiako Errege Akademiarentzat Ama hitzaren esanahia honako hau da: “Espezie bereko beste gizaki bat erditu duen emakume eta animalia emea”.

Definizio hotza da, aseptikoa, kutsurik gabea eta batere erakargarria. Niri ez zait gustatzen eta ulertzen dut zuri ere ez zaizula gehiegi gustatuko. Ama bat askoz gehiago da. Ama bakarra da, maitasuna da, laztanak, ulermena… Bizitzan egon daitekeen handiena da Ama. Kontua da, aipatzen ari garen marka ‘Zer da Ama izatea´ lelopean ari dela definizio egokiagoen bila, bide batez Gaztelaniaren Errege Akademiari definizioa aldatzeko eskatzeko. Asko dira beraien ekarpena egin duten pertsona ezagunak. Asko dira Espainiako medio eta telebistetan ezagunak diren aurpegien ekarpenak. Badira sarean aurkitu ditzakegun bideoak Ama hitzaren definizio askoz egokiagoekin. Eta guztiek eskatzen diote RAEri (Akademiaren siglak gaztelaniaz) definizioa aldatzeko.

Esneki eta elikagai produktuen marka ezagunak edukien marketinarekin zerikusia duen kanpaina planteatu du beste behin. Teknika hau duela hamar urte baino gehiago hasi zen garatzen eta azken urteotan hamaika adibide aurki ditzakegu. Edukien Marketina sormen eta eduki esanguratsuen hedapena sustatzen duen teknika bat da. Eduki erakargarri eta baliotsua aipatzen dugunean, esan nahi dugu ondo definitutako publiko objektiboaren arreta deitzeko eta etorkizuneko bezeroak erakartzeko balio duela, eta estrategian horrela definitzen dela. Kasu honetan helburua argia da: markaren irudia hobetu eta bezero potentzialak gerturatu. Estrategia diseinatu duten profesionalek badakite zertan ari diren. Niri gustatu zait. Instagram-en aurkitu ahal izango duzu, espainolez, #UnaMadreEs.

Doug Kessler-ek zioen marketin tradizionalak pertsonen inguruan hitz egiten duela, edukien marketinak berriz haiekin hitz egiten du. Kanpaina hau marketin mota horren adibide argia da, etorkizuneko marketinaren adibidea.