Komunikazioaren Artisauak

eues

Amerikar kazetariaren, errusiar maltzurren eta euskaldun emakume maiteminduaren inguruko historia hotza

Gorka Etxabe/

Gerturatu naiz beste behin tribuna honetara. Balio dit Ikus-entzunezkoen arloaz, komunikazioaz eta marketin digitalaz bi hitz idazteko eta balio dit, noski, begiratzeko, telebista zein sareetan egiten dena aztertzeko. Bereziki ikus-entzunezkoen arloan gertatzen ari dena begiratzeko. Gustatzen zaizkit analisiak, eta analistek diotena irakurtzea. Tribuna honetan askotariko iritziak bota ditut. Aspaldian ETBren eskaintzaz aritu naiz (Herri Txiki infernu handi, Lector de huesos…), youtuben ikus ditzakegun ikus-entzunezko edukiez ere bota dut iritzi bat baino gehiago eta baita marketin arloan bideogintzak daukan garrantziaz ere. Gaurkoan, ordea, zineaz arituko naiz. Hori bai, inori ez diot kenduko lana zine-kritikari bezala! Ez baita fina nire emaria arlo honetan. Asteburuan ikusitako film baten inguruan bi ideia bota nahi ditut. Izan ere, zorionez, Atxabaltako neguak zineaz gozatzeko aukera eskaintzen digu. Merke, kalitatez, etxetik gertu, kotxerik hartu gabe… Asko dira abantailak eta aprobetxatu beharra daukagu. Larunbata, gaueko hamarrak, etxetik berrehun metrora zinea. Karteldegian Gernika. Kritika onak entzun ez baditut ere, ikusi nahi dut, eta gerturatu naiz. 50 bat lagun batu gara aretoan, butaka erdiak beteta, eta guztiok Euskal Herriaren historian hain esanguratsua den Gernikaren bonbardaketaren inguruko pelikula hunkigarri bat ikustea espero dugu. Ez da zorterik egon, ordea. Euskal Herriaz? Ez. Hunkigarria? Ezta ere. Pelikula bizia? Are gutxiago. Dialogoak kaskarrak iruditu zaizkit, historia ez zait sinesgarria iruditu eta aktoreren baten lanak ez nau konbentzitu. Amerikar kazetariaren, errusiar maltzurren eta euskaldun emakume maiteminduaren inguruko historia hotza iruditu zait. Eta tamalez amodiozko istorioa ere erdi bidean geratzen da. Bonbardaketaren unea da pelikula guztiaren unerik biziena eta efektu bereziak ez daude gaizki. Edozelan ere, ez da nik ikusi nahi nuen pelikula. Onartzen dut agian horrek ere baldintza dezakeela eta aurreiritziekin ezin dela zinera joan. Gustatuko litzaidake beste iritzi bat edukitzea, eta pelikula izugarri ona iruditzea, baina ez da kasua. Hiru hilabete barru zineaz ez naizela arituko zin dagizuet. Hori bai, Atxabaltako neguaz gozatzen jarraituko dut eta ahal dudan neurrian ostiraletik astelehenera bitarte horretan zaraia aretora gerturatuko naiz.

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+