Aulki Hutsak

Documental

‘Aulki Hutsak’ dokumentala aurkeztu dugu, ekitaldi intimoan

Atzo, abenduak 4, aurkeztu genuen Elgetako Espaloia antzokian ‘Aulki Hutsak’ dokumentala. Iñaki Peña medikuaren zuzendaritzapean Arteman Komunikazioak ekoiztutako lana lehenengo aldiz ikusteko aukera izan zen, eta estreinaldira dokumentalaren protagonistak eta haien lagun eta senideak gerturatu ziren. Ekitaldi xume eta intimoa izan zen eta Peña zuzendariak eta Artemaneko kideok esperientziak konpartitzeko aukera izan genuen Elgetara hurbildu zirenekin. Dokumentalaren ibilbidea, grabazio prozesua, finantzazioa, bitxikeriak… askotariko kontuak izan genituen berbagai.

aulki hutsak arteman komunikazioaren artisauak komunikazioa 2

Doluari buruz

Dokumentala doluaren prozesuari buruzkoa da, heriotzaz eta bizitzaz beraz, esperientzia profesional eta bizipen pertsonal ezberdinekin osatutakoa. Zainketa aringarriak giza eskubide bat direla aldarrikatuz.

Mami korapilatsua irudi dotorez apainduta (hiria eta herria, mendia eta itsasoa, helduak eta umeak, emakumeak eta besteak, Euskal Herria eta India…), geure belaunaldiko eta munduko geure lurraldeko musikaren lagin bat plazaratzen da.

Bertsio originala euskarazkoa bada ere, egitasmo eleanitz honetan hizkuntza nagusiaren ondoan beste batzuei ere lekua egin diegu (katalana, gaztelania eta litekeena da ingelesa).

Sinopsia

Zer gertatzen da maite dugun hori hiltzen denean? Normala da sentitzen dudana? Noiz hasi behar gara kezkatzen? Eta trabatzen bagara nora jo? Kontzeptuetatik abiatuta, mina (‘dolus’), haserrea, egun “perfektuak”, itxaropena eta oroimena barne hartu ditugu. Sendatzaile zaurituak eta zauritu sendatzaileak. “Historia oroimena da itxaropenaren zerbitzura”.

Parte-hartzaileak

Arantzazu Ibarrondo, Eider Otxoa, Gema Tuñón, Iker Barandiaran, Imanol Querejeta, Imanol Miner, Izaskun Andonegi, Joxemai Izagirre, Julian Etxeberria, Julio Gómez, Koldo Martinez, Lori Thompson, Lourdes Zurbanobeaskoetxea, Marije Goikoetxea eta Mikel Ugalde.

Emanaldi gehiago

Abenduaren 12an, Euskadiko Zainketa Aringarrietako elkartearen jardunaldian EHUko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra), 17:00etan.

2014ko apirilaren 5ean, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen biltzarrean, Donostiako Miramar Jauregian goizeko 9:00etan.

Proiektuaren inguruko xehetasun gehiago dituzue Iñaki Peña zuzendariaren blogean: arinduz.org/inaki

Puedes comprarlo y verlo en el siguiente enlace.