Komunikazioaren Artisauak

eues

“Edertasuna barnealdean dago. Etorri eta ezagutu!” spota izan da Euspot 2016 lehiaketako irabazlea

Kronika osoa eta argazki guztiak ikusgai: http://www.euspot.eus/

“Euspot erreferente bihurtu da euskarazko ikus-entzunezkoen artean eta gazte askoren parte-hartzea eta jarraipena bermatzen ditu, harrobia ere indartuz. Indartsu hasi zen lehiaketa sorreran eta orain arteko bidean erreferente bihurtu da”, nabarmendu dute Euspot lehiaketako antolatzaileek. Izan ere, gero eta gazte gehiagok parte hartzen dute lehiaketan eta aurten 18 urtetik beherakoen 13 lan aurkeztu dira. Euspot-eko antolatzaileek nabarmendu nahi duten beste aspektu bat da sorkuntza areagotzeaz gain, gazteen aldetik jarraipen eta interes handia sortzen duela. Gazteek Euspot-ekiko duten atxikimenduaren isla da, adibidez, bosgarren edizio honetan lau eguneko epean 2.000 bototik gora eman direla sarean lan gustukoenak aukeratzeko.

Aurtengo edizioan spot lehiaketa kontsolidatzea, zabalkundea handitzea eta euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea lortu da, eta bide hori indartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Aretxabaletako Udalarekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Arteman Komunikazioa enpresarekin. Gazteen parte-hartzea sustatu nahi izan da eta horretarako harremanak indartu dira zenbait ikastetxe eta sektoreko eskolekin, eta erantzuna oso positiboa izan da.

Sari banaketa ekitaldia

Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin da sari banaketa ekitaldia, Angel Alkainek girotu du ekitaldia eta une oso gogoangarriak izan dira, umorea eta jaia uztartuz. Horrez gain, lehiaketan aurkeztutako 34 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 20 finalistak ikusi ahal izan dira bertan. Ekitaldi ostean mokadu batez gozatu ahal izan dute parte-hartzaileek zein hurreratu diren guztiek.

Irabazleak

Guztira, sekulako sariak banatu ditu Euspot Lehiaketak aurten ere. Guztira lau sari banatu dira:

Spotik onena / 1.000 euro

‘Edertasuna barnealdean dago. Etorri eta ezagutu! spota.

Egileak: Patxi Irigoyen, Kike Otegui, Ibai Zabala eta Martxel Zubia.

Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko hizkuntza normalizaziorako zuzendariak banatu du saria.

MUko ikasleen spotik onena / 500 euro

‘Sartu barrura’ spota.

Egileak: Joseba Fuentes, Saioa Murura, Iratz Urkizu eta Josu Odriozola.

Goio Arana, Mondragon Unibertsitateko Hmanitate eta Hezkuntza Zientzia fakultateko komunikazio arduradunak banatu du saria.

Publikoaren saria / 500 euro

‘Amestu, murgildu, bizi’ spota.

Egileak: Alaine Aranburu, Eider Ballina, Anne Baskaran eta Imanol Eppherre.

2.000 bozkatik gora jaso dira sarean guztira. 220 bozka jaso ditu irabazleak.

Music Libraryko ordezkari den Juan Campiñezek banatu du saria.

 

Gazteen saria (14-18 urte) / 250 euro

(Puntuazio berdinketa izan dute bi lanek. Beraz, bi irabazle izan dira eta saria bi taldeen artean banatu da).

‘Etorri, bizi, gozatu’ spota.

Egileak: Eider Pozo, Marina Mulas, Maider Uribeetxebarria, Nerea Madinabeitia eta Leire Ancin.

‘Gozatu Gipuzkoa’ spota.

Egileak: Danel Teran Fernandez eta Iker Plazaola Acosta.

Aitor Gabilondo, Aretxabaletako Udaleko euskara zerbitzu buruak banatu du saria.

Aurten 13 spot jaso dira Gazteen sarirako, harrobia lantzen ari den seinale argia.

Arteman, Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea eta Gipuzkoako Foru Aldundia

Bosgarren urtez jarraian Arteman Komunikazioa, Aretxabaletako Udala eta Mondragon Unibertsitatea izan dira Euspot 2016 lehiaketaren sustatzaileak, baina aurten Gipuzkoako Foru Aldundia gogoz batu da ekimena babestera. Laurak oso pozik agertu dira aurtengo edizioak izandako oihartzunagatik, eta esan bezala lehiaketa erreferente bihurtu delako. Are gehiago, Euspot-ek lortu du gazteak euskararen eta ikus-entzunezkoen inguruan erakartzea eta harago interesa piztea.

Jarraipen handia sare sozialetan

Lehiaketak gero eta jarraipen handiagoa du sare sozialetan. Twitterren, adibidez, bikoiztu egin da jarraitzaileen kopurua eta Facebooken, ia hirukoiztu. Era berean, arrakasta handia izan du Facebooken egin den zozketak: Gipuzkoako nekazal-etxe batean asteburua zozketatu da eta 200 lagunetik gora izan dira parte hartu dutenak; Miren Josu Nebreda izan da zozketako irabazlea. Publikoaren sarirako aurten ere boto asko jaso ditugu; 2.000tik gora.

Aurtengo gaia: turismoa erakarri Gipuzkoa barnealdera

Gipuzkoa barnealdeko bailarek sekulako aukera turistikoak eskaintzen dituzte, kostaldekoek beste. Eta horren haritik, lehiaketan parte hartu duten iragarkiek nabarmendu behar izan dituzte barnealdeak turismorako eskaintzen dituen aukerak, paisaia-multzoak eta kultura egitasmoak. Gaia hau izanik, turismoaren arloan Gipuzkoan lurralde oreka sustatzea izan da zeharkako helburua.

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+