Komunikazioaren Artisauak

eues

Egiten dugunaz hitz egitea baino garrantzitsuagoa da egitea

Rosa Mondragon/

Zergatik euskal industria ertain edo txiki bateko liderrak inbertitu beharko luke bere marka ezagutzera emateko, orain arte ezer egin gabe ondo joan bazaio? Eszenatokia erabat aldatu delako, merkatua globalizatu delako, konpetentzia gero eta handiagoa delako, eta azken finean, gaur ez delako nahikoa aipatzea baizik eta orain beharrezkoa da egiten duguna azaltzea, zergatia esplikatzea; horrela besteek gu ezagutuko gaituzte, gutaz hitz egingo dute eta, azken buruan, erosiko gaituzte. Izan ere, inork ez du ezagutzen ez duen ezer erosten!

Testuinguru honetan ezin dugu ahaztu kanpo komunikazioa barrukoa bezain garrantzitsua dela eta biak joan behar direla lerroan eta modu estrategikoan lotuta. Ezin dugu ahaztu erakunde bateko kide guztiek egiten dituztela kanpo komunikazio zein markaren zabalkundeko akzioak; komertzialak bai eta baita makinako langileak ere. Modu berean, erakunde horrek gizartera luzatzen duen irudiak bere langilegoaren gogobetetasuna baldintzatuko du, izan ere giza arazoekin arduratzen den enpresa batean lan eginez gero, bere irudi soziala hobetuko du, eta ondorioz langilea ere proiektu horren partaide sentituko da. Zoritxarrez, enpresa askotan berrikuntza bultzatzeko estrategiek kanpo komunikazioarekin bakarrik lotzen dira, eta ez barrukoarekin, kontuan hartu gabe bata bestearen ispilua dela.

“Komunikatzea bestea gogatu edota konbentzitzea da” baieztatzen dute adituek eta benetan asmatzen dute aipatzen dutenean kudeaketarako tresna oso egokia dela eta enpresako helburu estrategikoekin bat etorri behar dela. Enpresa batek modu zabalean hedatzen du bere irudia kanpora, eta hauek guztiak erabiltzen dira publikoa/bezeroa bereganatzeko eta hurbiltzeko. Webgunetik hasita, bidaltzen ditugun korreo elektronikoak, elkarrizketak, … telefonoko erantzungailuan dugun mezua, … guztiak hartu behar dira kontuan proiektatzen dugun irudia hobetzeko.

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+