Eider Murgoitio izan da ‘Ostegun Bidaiariak’-en laugarren edizioko irabazlea

Ostegun Bidaiariak ekimenak lau edizio arrakastatsu bizi izan ditu dagoeneko eta hazten doala esan dezakegu. Aretxabaletako Udalak, Arteman Komunikazioaren laguntzarekin, sortutako ekimenak balio du Debagoienean jaio edo bizi diren gazteen bidaia esperientziak jende artean partekatzeko eta aste barruan Aretxabaletan aisialdirako proposamen entretenigarriak eskaintzeko. Laugarren edizio honetan, lau diaporama emanaldi egin dira Aretxabaletako tabernatan eta horien bitartez munduko hainbat txoko gertutik ezagutzeko aukera izan dugu.

Irabazlea-2016Edizio jendetsua

Esan bezala, Ostegun Bidaiariak-en laugarren edizioa bukatu da, eta erraz esan daiteke Aretxabaletako herrian eta Debagoieneko bidaia-zaleen artean ondo errotutako ekimena dela; gero eta jende gehiagok hartzen du parte bidaiak kontatzen eta baita kontaldiak ikusten ere, eta aurtengoa edizio jendetsuena bihurtu da. Aurtengoan publiko gazteagoa izan da nagusi eta aurten ere antolatzaileek egin duten balorazioa oso ona da. Jendeak jakin-minez erantzun du eta tabernariak ere pozik daude herritarrei eskaintza ezberdinak proposatzeagatik.

Irabazlea Eider Murgoitio

Edizio guztietan egin ohi den bezala, irabazlea publikoak aukeratu du emanaldietan jarritako kutxatan botoa emanez, eta irabazleak 100 euroko saria jaso du. Edizio honetako irabazlea Eider Murgoitio arrasatearra izan da, Brasil, Bolivia eta Ekuadorren zehar eginiko bidaiaren inguruko diaporamarekin. 2015ean Eider Murgoitiok Brasil, Bolivia eta Ekuadorren egonaldia egin zuen, Mundukide fundazioaren praktikagile gisa, hango errealitateak aztertzen. Bertako nekazarien bizi baldintzez eta indigenen egoeraz hitzegin zuen, baita Brasileko MST mugimenduaren funtzionamendu ereduari buruz.

Berrikuntza: ikasle bidaiei ere lekua

Laugarren edizio honetan ikasleei ere keinu berezi bat egin zaie eta  ikasketak edo bestelako arrazoiak medio kanpoan egin izan dituzten egonaldien berri ere jende aurrean emateko aukera izan dute. Aurtengo diaporama gehienak ikasketako praktikaldiekin harremana izan dute eta bidai-esperientzia hori da jaso nahi izan duguna eta, horren bidez, beste herrialde bat bisitatzeko griña piztea.
> Informazio gehiago:

https://arteman.eus/ostegun-bidaiariakeko-eider-murgoitioren-diaporaman-express-taberna-goraino-bete-zen/