Komunikazioaren Artisauak

eues

Employer Branding, estrategia berria

Employer Branding, estrategia berria

Gorka Etxabe/

Azken aldian sarritan entzuten ari naiz, han eta hemen, unibertsitatean eta marketin zein giza baliabideen arloko aholkulari eta espezialisten ahotan. Batzuekin eta besteekin ingelesez ahoskatzeko zailak diren bi hitz horiek aipatu izan ditugu; joera ei da, pertsonen talentuaren kaptazioaren gestioan diharduten profesionalentzat gaur gaurko estrategia, eta zeharka komunikazioan dihardugunontzat: Employer Branding.

Oinarri oinarrian, eta oso gainetik bada ere, ez da konplikatua teoria ulertzea. Talentuaren kaptazioan metodologia konkretua aplikatzea da. Alegia, enpresek amua arrantzatzeko leku egokienean botatzea. Marka bateko kideek euren organizazioan bizi duten esperientzia komunikatzean oinarritzen da, alegia, esan dezatela erakundeko kideek zein berezia den bertan lanean jardutea. Kontatu dezatela beraien esperientzia, zein marka erakargarrian ari diren lanean, era naturalean, enpatizatu dezatela ikus-entzulearekin, konektatu dezatela lan bila ari diren talentuekin. Azken finean, enpresek, euren bizi iraupenerako pertsona onenak erakarri beharko dituzte. Oso profil konkretua duten profesional gazte eta esperientzia handiagoa dutenek idatziko baitituzte enpresa horien etorkizuneko letra eta erronka estrategikoak. Enpresek hamaika historia dituzte kontatzeko eta gakoa da nola kontatzen dituzten. Hori bai, benetakoak diren historiak beti dira sinesgarriagoak.

Gure inguruko erakunde eta enpresak ere ari dira arlo horretan pausoak ematen. Aste honetan bertan jakin dut, gertuko bi erakunde esperientzia pilotu batean murgilduta daudela. MONDRAGON Korporazioaren, MIK erakundearen eta PeopleMatters aholkularitza enpresa madrildarraren eskutik ari dira lanean. Definitu dute talentuaren kaptaziorako metodologia konkretua. Definitu dituzte zer nolako langileak nahi dituzten. Zehaztu dute non arrantzatuko dituzten hautagai onenak. Definitu dute, era berean, nola komunikatuko duten beraien beharra, eta noski, mezuak zein mezulariak nolakoak izango diren erabaki dute. Erakargarri bilakatuko dute beraien erakundea. Talentuek beren esperientzia garatzeko proiektu bikaina dela aireratuko dute. ULMA Packaging eta Fagor Elektronika dira aipatu enpresak.

Komunikazioan ari garenok gertutik jarraituko dugu enpresa horien lana. Badakigu erronka ez dela edonolakoa, baina seguru ondo aplikatutako estrategiak emaitzak eskaintzen dituela.

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+