ETBren lehentasunak gaur

Gorka Etxabe/

Zeintzuk dira telebista saio batek izan behar dituen ezaugarriak Euskal Telebistan programatu ahal izateko? Zein motatako telebista saioak izan dezake lekua EITBko prime-timeean? Non dago gure esfera ‘euskaldunaren’ perspektibatik begiratuta telebista saio baten arrakastaren giltza? Euskal Telebistak zein irizpiderekin jokatu beharko luke audientzien gorabeheren aurrean? Badira hamaika galdera eta beste horrenbeste erantzun gure sektorea hobeto ulertzen lagunduko digutenak.

Orain pare bat aste Euskal Irrati Telebistako egoitza nagusira eginiko bisita telebista programen gaineko saio magistral bilakatu zen. Edo behintzat argigarria izan zen jakiteko zeintzuk diren gaur egun ETBko programatzaileentzat telebista saio erakargarriak, edo eta audientzien neurketaren ikuspegitik funtzionatzen dutenak.

Bilboko kaputxinos kalean dagoen egoitzara gure proiektu propioa eraman genuen. Kontua da, EITBk gonbidapena luzatu digula uda eta udazkeneko parrilei begira egingo diren ikus-entzunezko proiektuen aurkezpenera. Alegia, telebista saioen “pitching”aren deialdian parte har dezagun gonbidapena jaso dugu, Euskal Herriko beste produktora mordo batek bezalaxe.

Bilbora eginiko bisitaldian Gorka Garcia ETBko programazio zuzendariarekin solasaldi laburra baina dotorea izan genuen, ordubeteko primerako ikasgaia. Telebista saio batek ETBn programatzeko gaur egun izan behar dituen ezaugarriak zeintzuk diren esan zizkigun, solasaldi lagungarrian: labur-labur jasota, telebista programa batek istorioak kontatu behar ditu, pertsonen historiekin hornituta egon behar da, ikuslearekin enpatizatzeko gai izango diren historiak. Hasiera eta amaiera izango dutenak. Gure barnean nolabaiteko zirrara eragingo dutenak, eta 60-70 minututan ahalik eta lotura estuenean, ikuslea saiotik ateratzeko edo sofatik altxatzeko aukera gutxi eskainiko dituena. Azken aldian apusturik handienak bere euskarazko katean egin ditu ETBk eta programa dotoreak egin izan ditu: ‘Herri txiki, infernu handi’ eta ‘Herri people’ dira bi eredu. Bietan pertsonak dira protagonista nagusiak. Euskal Herriko edozein tokitan gerta daitezkeen istorioak ekartzen dizkigute etxeko saloira.

Horiexek dira gaur egun euskaraz egiten den telebistaren ezaugarriak. Eta horiek ETBren lehentasunak. Gure programak, momentuz, ez ditu pertsonen historiak kontatzen, etorkizunean agian kontatuko ditu.