Komunikazioaren Artisauak

eues

Euskara eta sormena

Sei urte igaro dira, dozena erdi edizio, 200 spot baino gehiago, milaka ikusle youtuben, sare sozialetan ehunka jarraitzaile, dozenaka argitalpen aldizkari digital zein paperezkoetan, tokiko hedabideetan eta medio nazionaletan. Egunkari, irrati eta telebistetan eskaini dizkigute titularrak. Asko izan dira jaso ditugun kritikak, eraikitzaileak batzuk eta ez-hain positiboak beste batzuk, kexarik gabe guztiak entzun eta aintzat hartu ditugu.

Sei urte igaro dira, dozena erdi edizio, eta aurtengoa izan da orain arteko edizio guztien artean arrakastatsuena. Bai kalitate zein kantitate irizpideak aintzat hartuta ere, aurten marka guztiak hautsi ditu Euspotek. Hazten ari da ‘gure’ lehiaketa eta horrek izugarri pozten gaitu.

Aipatu nahiko genituzke antolakuntzan lanean ari garen guztiak. Gu geu, Arteman; Gipuzkoako Foru Aldundia, Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi Ikastola, AudioNetwork… Enpresa publiko eta pribatuak elkarlanean egitasmoak antolatzeko gai garela erakutsi dugu beste behin.

Guztion artean sortutako lan-taldeak tinko egin du lan aurten ere, eta urtean zehar landutako haziak fruitu oparoak eskaini dizkigu. Gainera, harro esan dezakegu Hego Euskal Herriko proiektu bilakatu garela; hizkuntzak, euskarak batetik, eta ikus-entzunezko hizkuntzak bestetik, herriak eta hiriburuak batu ditu, lurralde historikoak elkartu, eta euskaraz, sormenak, mugarik ez duela erakutsi du beste behin.

Artemanen oso pozik gaude orain sei urte abiatu genuen lehiaketak gero eta gorputz sendoagoa duelako. Baina bereziki gaude harro, gure proiektuak, ikus-entzunezkoen arloan harrobia sustatzen jarraitzen duelako. Aurten aniztasunaren aldeko gure aletxoa jarri nahi izan dugu eta, uste apalean, zertxobait lortu dugu. Eskerrik asko, aniztasunaren esparruan, alor ezberdinetan, egunero-egunero lanean ari zareten guztioi. Gizartea zorretan dago zuekin!

Bukatu nahi dugu etorkizunera begira. Bi hitz. Euskara eta sormena. Sormena eta euskara. Sinistu genuen bere garaian lehiaketa honek ibilbide luzea egin zitekeela eta sinisten jarraitzen dugu.

Sari banaketa ekitaldiko kronika hemen.

 

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+