Komunikazioaren Artisauak

eues

Google eta Facebooken botereaz ohartu zara?

Gorka Zubizarreta/

Google eta Facebookek mundu mailako publizitatean duten eragina eta boterea ez da gauza berria, baina bada kontuan hartzeko datu bat: mundu mailan publizitaterako gastatzen diren bost eurotatik bat Google eta Facebookentzat da. Hazkunde horretatik Googlek eta Facebookek eramaten dute irabazi gehien; hazi eta hazi, abiada bizian. 2012an publizitate sarreren %10,6 izatetik %20 izatera pasa dira eta lehiakideekiko are eta distantzia handiagoarekin gainera. Munduko online publizitatearen %60 bi enpresa hauen artean banatzen da.

Oro har, bi enpresek irabazten dutena gehituz 108.000 milioi euroko diru sarrerak batzen dituzte urtean, orain dela bost urte irabazten zutenaren bikoitza. Online publizitateari dagokionez merkatua duopolizatu dute eta honen eragina itzela da publizitatean oro har.

 Zergatik bihurtu dira hain indartsuak eta zergatik dute hainbeste pisu?

Merkatu orokorra aldatu da: alde batetik, Interneten erabilera nabarmen hazi da azkenaldian eta publizitate aurrekontuak egiterakoan gero eta tarte gehiago eskaintzen zaio online publizitateari. Telebistak sortzen duen publizitatearen mugatara iritsi da gaur egun Interneteko publizitate digitala, eta gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da.  Google eta Facebookek beraien negozioa bilaketa eta publizitatetan oinarritzen dute eta mugikorretarako eskaintza berriak egin dituzte kontsumitzaile berriak bereganatuz. Bi enpresek beren burua online bideoen esparruan kokatu nahi dute, etorkizuna bide horretatik datorrelako, eta lehiakide dira borroka horretan.

Facebooken eboluzioa harritzekoa da. Mark Zuckerbergek sortutako enpresak 2010ean 1.970 milioi dolarreko diru sarrerak izan zituen publizitatean. Sei urte beranduago 14 aldiz biderkatu du kopuru hori eta 2016an 27.000 milioi dolar irabazi zituen. Bideoa eta batez ere mugikorrak izan dira gakoak. Gaur egun 1.200 milioi erabiltzaile ditu hilero eta handitzen ari da, Instagram sare sozialaren baturaz. Handitzen doa baina ez du erreza izango orain arteko hazkundea mantentzea, ez baditu prezio eta erabiltzaile kopuruak igotzen.

Google bilaketen liderra bihurtu da, batez ere mugikorretan, Interneteko erabilera ohiturak aldatuz doazelako. Google da botere gehien duena, urte asko daramatza merkatuan eta bere webguneez gain beste web batzuek ere bere publizitate zerbitzua erabiltzen dute.  2010ean 29.000 milioi dolarreko diru sarrerak izan zituen. Sei urte beranduago 3 aldiz biderkatu ditu eta 2016an 90.000 milioi dolar irabazi zituen. Publizitateaz gain bideoak ere badira beste giltzarri bat, Googlek erosi zuelako Youtube.

Hau ikusirik, garbi dago Google eta Facebook direla publizitate berriaren erregeak. Duopolio arriskutsu bat dugu aurrean, mundu mailan Internet bidezko publizitatearen %60 dute esku artean eta ikusi egin behar noraino haziko diren.

 

 

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+