Ikusezina izatearen trebetasuna

Gorka Montiel/

Zertan egiten duzu lan? Askok egiten didate galdera hori. Eta galdetzen didaten bakoitzean, ez dakit nola erantzun modu argi eta laburrean. Ez zait erraza egiten azaltzea ikus-entzunezko lan bat egiteko ordenagailu aurrean orduak eta orduak igarotzen ditudala. Kanpotik begiratuta erraza dela iruditu daiteke, baina ez da horrela, lekuz mugitu, laburtu eta luzatzen ditugun kaxa txiki horien atzean mundu oso bat dago.

Bideoaren demokratizazioari esker, edonork izan dezake eskura edizio programa bat, edonork inporta ditzake udan GoPro-arekin egindako irudiak eta sasoiko musika hit!ak lagunduta bideo muntaia egin dezake. Horrela ikusita, jakina, erraza dirudi. Baina gure iritziz, egiten dugun lana askoz konplexuagoa da; eta, horren ondorioz, jendeak ez du zergatia ondo ulertzen.

Hortaz, zer da egiten duguna? Istorio narratzaileak gara: gu geu gara lehen hartzaileak eta ikuslearengan erreakzio bat edo beste sortzeko erabakigarriak diren hautaketak egiten ditugu. Edizio programa bat lagun, kaxa osoak ditugu begi aurrean. Gure ondoan jartzen bazara, ikusi ahal izango duzu nola lantzen ditugun kaxa txiki horiek: puzzlea bailitzan, blokeetan zatitu, leundu, iraupena berregokitu eta kaxak leku batetik bestera mugitzen aritzen gara. Denboraren jabe gara. Iraupena luzatu edo laburtu dezakegu, eta gure eskutan dago ikusleak arnasa hartu edo berarengan dardara sortzea. Horrekin guztiarekin gure irizpidea gailentzen dugu: istorioari logika emango dion egitura eraikitzen dugu. Hainbeste ñabardura zuzendu eta hobetuta, kentzen dugunak zein uzten dugunak, biek dute berebiziko garrantzia.

Zeregin hau betetzeko eta irudien jarraikortasunari ahalik eta zentzu handiena emateko, buruan ditugun sormen ideietatik abiatzen gara, horiek tentu handiz aukeratu eta egituratuz. Eta erreminta guzti hauekin gai gara emozioak sortzeko: tentsioa, poztasuna, tristura, urduritasuna… Puntu honetan, film bat, dokumental bat, spot bat edo film labur bat ikusterakoan ez baduzue sumatu atzean lan hori guztia dagoenik, horrek esan nahi du gure lanean arrakasta izan dugula. Eta, hortaz, orain gai naiz artikuluaren sorrerako galderari erantzuteko. Ikus-entzunezkoen editorea naiz eta nire lanaren funtsa da zuek ez igartzea.