Komunikazioaren Artisauak

eues

Nola zaindu zure seme-alaben irudia sare sozialetan?

Usoa Agirre/

Guraso askok garbi dute: ez dira adin txikikoen argazkiak sare sozialetan argitaratu behar, gutxiago gainera publiko guztiak ikusteko moduan. Baina beste askok ez dute horrela pentsatzen, eta Facebookeko profilak seme-alaben edonolako argazkiz betetzen dituzte, izan ditzaketen ondorioez jabetu gabe.

Ohitura horretaz jabeturik, Frantziako poliziak ohartarazpen bat argitaratu zuen, gurasoei gomendatuz ez igotzeko Internetera seme-alaben argazkiak. Ez etorkizunean irudi horiek izan dezaketen eragin sozial edo psikologikoagatik bakarrik, baita pedofiloen eskuetara iritsi daitezkeelako ere.

Gurasoen betebeharra da seme-alaben irudia babestea eta publikoki sarean ez erakustea. Frantziako Kode Zibilean esplizituki aipatzen da gurasoak direla seme-alaben irudia babesteko arduradunak. Hala, Frantziako zenbait legelarik uste dute geroz eta seme-alaba gehiagok eramango dituztela gurasoak auzitara, adin txikikoak zirenean Interneten publikatutako argazkiengatik. Auziak aurrera eginez gero, gurasoek urtebeteko kartzela-zigorra edo 45.000 euroko isuna jaso ahal izango lukete.

 

ARRISKUAK
Frantziako poliziaren aholku horrek eman digu gaia jorratzeko bidea eta zuekin partekatu nahiko nituzke adin txikikoen argazkiak Internetera igotzeak dituen zenbait arrisku.

Adituen arabera, adin txikikoen argazkiak Interneten jartzearen arrisku nagusiak hiru dira:

  • Protagonistaren identitatea bereganatzea: norberaren semea edo alaba dela esanez, adibidez.
  • Cyberbullying-erako erabiltzea: Internet bidezko jazarpena.
  • Morphing-erako erabiltzea: argazkiaren manipulazioa, adin txikikoaren aurpegia beste argazki baten gainean jarriz.

Ez dira kasu horiek askotan gertatzen, baina arriskuak hor daude. Helduon argazkiekin ere arriskua berbera da, baina adin txikikoekin handiagoa da kaltea.
Dena den, artikulu honen helburua ez da umeen argazkiak Internetera ez igotzeko esatea, sarean zabaldu nahi badituzu zenbait aholku ematea baizik. Beste arlo askotan bezala, gure seme-alaben argazkiekin ere zentzuz jokatu beharko genuke eta kontuan hartu, benetan argazkia pribatua bada, ez dela komeni sare sozialetan jartzea. Berdin dio ze pribatutasun maila ezarri duzun Facebookeko zure profilean, handik edo hemendik publiko egitera irits daiteke eta.

 

AHOLKUAK
Beraz, adin txikikoen argazkiak sare sozialetan zabaldu nahi badituzue, hemen dituzue zenbait aholku:

  • Ez igo sekula umeak biluzik azaltzen diren argazkirik. Bainatzen dagoen momentua, ipurdi bistan korrika doanean… momentu dibertigarriak izan daitezke, baina badaude horrelako irudiekin bildumak egin eta pornografiarako erabiltzen dituzten munstroak.
  • Ez argitaratu argazkiak egunero. Egoera ahulean jartzen zaitu eta zure zein seme-alabaren segurtasuna arriskuan jartzen duzu.
  • Argazkian ez dadila agertu baliozko objekturik. Etxean egindako argazkiren bat igotzen baduzu, saiatu baliozko gauzarik ez erakusten: telebista, ordenagailua, autoa… Lapurrentzako informazio baliagarria izan daiteke.
  • Ez dadila agertu etxeko helbidea edo atea. Egindako argazkiak leku publikoetakoak izan daitezela eta, hala ez badira, ez daitezela agertu zure etxea dagoen kalearen izena edo etxeko sarrera, adibidez.
  • Argazkiarekin batera ematen den informazioa zaindu. Hor eman daiteke lapurrentzako informazio baliagarria: “Oporretarako dena prest. Hilabete etxetik kanpo izango gara”, “Eskolatik irteten, egunero bezala”, eta antzerakoak.
  • Errepasatu, denbora batera, igotako argazki eta bildumak. Igo genituen egunean lagunei erakutsi genizkien oporretako argazkiak, adibidez, baina agian dagoeneko ez du zentzurik bilduma Interneten edukitzeak. Errepasatu sare sozialetan ditugun argazkiak eta, orain ez badute zentzurik, ezabatu.
  • Umeak egoera konprometitu batean agertzen diren argazkiak ez igo. Edo aurpegi “barregarriekin” agertzen direnak. Meme-ak hainbeste erabiltzen diren garai honetan, ez liguke batere graziarik egingo gure umearen aurpegiarekin mundu guztiak barre egitea.

Aholkuekin bukatzeko, aukera ona izan daiteke argazki “artistikoak” egiten saiatzea: esku bat erakutsi, argiarekin jolastu, maskarak erabili,… Sare sozialak eta seme-alabak uztartzeko beste modu bat izan daiteke hori.

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+