Komunikazioaren Artisauak

eues

Online bideoen iraultza 2019an

Gorka Etxabe/

Cisco enpresak eginiko Visual Networking Index ikerketak aditzera eman duenez 2019an Interneten aurkituko ditugun eduki guztien artean bideoak izango dira nagusi. Aurreikuspenek hutsik egiten ez badute, Interneteko trafikoaren %80 online bideoak izango dira. Ikus-entzunezkoek irabaziko dute, nabarmen, edukien lehia.

Baina, azterketa honek beste zenbait datu interesgarri eskaini dizkigu. Esaterako, online bideoen aliatu nagusi mugikorrak izaten ari dira, eta etorkizunean ere eduki horien hedapenean berebiziko garrantzia izango dute mugikorrek. Horren harira, dispositibo mugikorrak kudeatzen dituzten enpresek gero eta kalitate handiagoa eta abiadura handiagoa eskaintzen ari dira, eta 2019rako joerak ez du etenik izango.

Era berean, kontsumitzaileek kalitate handiko bideoak eskatuko dituzte (eskatzen dituzte dagoeneko), Ultra Hight Definition kalitatezkoak gehienak eta 360ºko edukiekin, ikuspegi esferikoarekin. Errealitate bat da, dagoeneko, kalitatearen exijentzia. Egun, sareko bideoek kalitaterik izan ezean, ez dituzte ikusle kopuru minimoak gainditzen. Ameriketako Estatu Batuetako merkatua da, beste behin, joera horien guztien eredu, eta nabarmen igo da definizio altuko eta 360ºko bideoen eskaintza eta kontsumoa bertan.

Gainera, gaur egun, estatubatuarren telebisten %56 sarera konektatuta daude eta online edukiak pantaila handietan ikusteko aukera eskaintzen diete. Orain bost urte ‘soilik’ telebisten %24 zeuden konektatuta. Ikus-entzunezkoen ekoizpenean dihardugun enpresei merkatu itzela irekitzen zaigu. Aukera ugari bai baina arriskuak ere ez dira gutxiago izango. Gaur egun, edozein erakundek, enpresa pribatu zein publikok edo elkartek bere edukiak kudeatzeko gaitasuna du. Nork bere edukia argitaratzeko autonomia badauka eta etorkizuneko joera ere hori izango da. Ikus-entzunezko komunikazioa norbere etxetik kontrolatu nahi izango da.

Adibideak Estatuan

Asko dira horren adibide, gero eta gehiago dira kanal propioa eta online bideoak kudeatzen hasi diren era guztietako erakundeak. Berriki jakin dut Espainiako Futbol Jokalarien Elkarteak ere Youtuben kanal propioa jarri duela abian, inoren bitartekaritzarik gabe edukiak hedatzeko asmoarekin. Merkatu gero eta aldakorrago baten argazkiaren erakusle. Presta gaitezen guztiok, bereziki gu, arloan lanean ari garenok baina baita kontsumitzaileak ere, etenik ez duen iraultzaren hurrengo pausuei aurre egiteko.

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+