Pokemonetara arte…

Víctor Núñez/

Fenomeno honek hartu duen abiadura ikusita, dagoeneko edo Niantic-en azken sorkuntza deskargatu duzu zuk zeuk probatzeko edo behintzat izan duzu Nintendoren ditxosozko jokoaren berri. Baina, aztertu dezagun, zer dela-eta halako Pokémon eromena? Atalka joan beharko dugu.

Errealitatea edo fikzioa

Zer da errealitate areagotua? Terminoa ez da berria. 90eko hamarkada bukaeran arlo horretan lehen pausoak eman ziren, eta, funtsean, esan nahi duena da benetako ingurune fisiko bati informazio birtual osagarria gehitzea gailu teknologiko baten bidez; hau da, denbora errealean birtuala eta erreala dena bateratzea. Eta kontzeptu hau Pokémon GO-ra egokitzen badugu, gure benetako ingurune fisikoan, gure smartphonearen kameraren bitartez, Pokémon-ak harrapatzeko aukera.

pokemon go nintendo niantic arteman

Baina, Pokémon GO izan da teknologia hau erabili duen lehena? Inola ere ez!, globala bihurtu den eromen honen aurretik, hainbat joko eta aplikazioek errealitate areagotua hartu izan dute garatzeko osagarri nagusi gisa. Horra hor jokoan aurrera egiteko geolokalizazioak erabiltzen dituen Geocaching; zombietatik ihes eginez gure entrenamendu saioa girotzeko balio duen Zombies, run!; Droid Shooting, sakeleko telefonoaren kamerarekin suntsitu beharreko androideak agertarazten dituen arcade-a; eta ezin ahaztu Ingress, Niantic Labs-ek 2011n, Google barruko departamendu txiki bat zenean, garatutako erreferentziazko jokoa. App horrek Google Maps baliatzen du bi taldetako jokalarien arteko borrokak benetako lokalizazioetan garatzeko. Aizu, ba horixe da justu orain bertan Pokémon GO jokoarekin garatu duena, ezta? Bai horixe!

ingress pokemon go nintendo niantic arteman

 

Zergatik orain eta ez duela 5 urte.

20 urtetik gora pasa dira leinu horren bideojoko, telebista saio eta bestelako merchandising produktuen sorreratik. Hortaz, zeri zor zaio bat-bateko arrakasta, justu orain Nintendo egoera makalean dagoenean? Orain arte ez diote bideojokoei sakelekoetan zukurik atera, harritzekoa dena Nintendok izan duen indarra kontuan hartuta. Agian orain arte itxaron dute orain gailuak teknologikoki are eta aurreratuagoak eta erabiliak direlako. Izan ere, Pokémon GO-rekin jolastu ahal izateko, ezinbestekoa da giroskopioa, GPSa, gailuaren datu mugikorrak eta Google Maps. Hori guztia ziurtatuta eta Pokémon-en gisako (The Pokémon Company) produktua aurrean jarrita, argi zegoen ez zela oharkabean pasako; Nintendo ez delako edozein marka: beraren edozein mugimenduk mundu osoan interesa pizten du. Horren adibide da NES konsola klasikoaren (Nintendo Entertainment System) berrargitaratzea, aurtengo azaroan HDMI konexioa izango duen NES Classic Edition bihurtuko dena eta dagoeneko zeresan handia ematen ari dena

Arrakasta hain azkar erdiesteko gakoak izan dira Pokémon unibertsoa bizitza errealera eramatea eta mundu osoan 8 eta 40 urte arteko jarraitzaile kopuru itzela izatea; dauden Pokémon-ak harrapatzeko  ingurunearekin elkar eragiteko aukera; edozein lekutan (datu mobilak izanez gero, jakina) jokatzeko aukera; jokalari/entrenatzaileen arteko borrokak gimnasioak deritzon lekuetan; eta protagonismo txikiagoa duten arren oso garrantzitsuak diren extra ugarik (pozioak, amuak, harrapatzeko pokéball-ak, objektuak errekopilatzeko pokégeltokiak, arrautzak, erakartzeko intsentsua…) jokoaren bizitza luzea bermatzen dute.

 

Joko soiletik harago doa.

Pokémon GO-k ahalbideratu du kafetegi eta jatetxe gisako hainbat negozio txikik eromen honi errentagarritasuna ateratzen aritzea. Hala, jokalariei beherapenak eskaintzen dizkiete pokémon-ak erakartzeko ‘modulu amuak’ jarriz edo ‘ehizean’ jarraitu ahal dezaten sakelekoen kargatzaileak alokatuz. Dagoeneko sortu dira, baita ere, ‘izaki’ horietako asko dauden guneetan barrena oinez zein autoz egin daitezkeen ibilbideak. Pauso bat harago eman dute McDonalds-en gisako enpresa handiek, ‘pokégeltokiak’ esponsorizatzeko ordainduz, Niantic-en beste negozio eredua dena: birtuala eta erreala den joko-taula horretan agertzearren dirua jasotzea.

Horrez gain, Pokémon-en munduari zuzenki lotuta dauden gadget-ak ere agertzen hasi dira. Horietako bat Pokédrone-a da, Herbehereetako enpresa batek sortu duen dronea, laster eskuragarri izango da eta pokémon zailenak harrapatzea erraztuko du. Beste gadget bat da pokéballs-ak modu ziurragoan botatzeko zorroa, 3D inprimagailua erabilita inprimatu ahal izango dena. Eta, ezin besterik espero, Nintendok badu bere gailu propioa: irailean ezagutzera emango den Pokémon GO Plus, bluetootha erabiliz sakelekora konektatuko da, oso kontsumo baxua eraginez eta Pokémon GO-rekin lotutako edozein berri dagoenean bibrazioa eragingo du. Horri esker, ez da beharrezkoa izango sakelekoan uneoro aplikazioa zabalik izatea. Hori ere asmatu dute…

pokedrone pokemon go nintendo niantic arteman

 

Eta Nintendok marka gisa, zer irabazten du honekin?

Jakina, etekin ekonomikoa, bere akzioen balioa lehen unetik biderkatu egin delako; nahiz eta duela hiru egun beherakada bat jasan zuen jakinarazi ostean etekin zuzenak ez zirela inbertsoreek uste zutenaren mailakoak -100$ bakoitzeko 10$ jasotzen dituzte-. Horrekin batera, pokégeltokien babesletzek, etorkizuneko gadget-ek… ere etekin garrantzitsuak ekarriko dizkiete. Baina bada ukitu ezin daitekeen beste balio bat, marka eta organizazioaren balioarena. Joko honen inguruan sortu den eromenak enpresa hedabide askoren azaletara eraman du aspaldiko partez. Bere markaren balioa berpizten asmatu du eta bere irudia berriro kokatu du umeen, nagusien eta denon ahotan. Hala, bere gailentasuna izugarri hazi da, eta multimedia diren elementu berriak uneoro sortzen dabiltza -ikus-entzunezkoak, argazkiak, memeak, gif-ak…- biralak bihurtu direnak. Nintendo berriro modan dago, klasikoa eta teknologia berriak batuz, marka guztiek amesten duten engagement hori sortuz.

 

Eta orain, zer?

Pokémon GO-rekin jarraituta, aurreikusten da Pokémon gehiago agertuko direla, jokoak aukera eta item gehiago emango dituela, baina errealitate aregoatuari dagokionez urte gutxitan garatu ahal izango dena ikustear dago. Ez bakarrik aisialdirako aplikazioetan, arlo guztietara zabalduko da, osasunetik hasita enpresetara arte, eta iragarkietara, jakina. Azken honetan formula eta euskarri berriak sortuko dira, eta eraginkortasunean, pertsonalizazioan eta neurtzeko moduak ateratzeko moduan asko aurreratuko da. Erabiltzailea supermerkatu batera joan ahal izango da eta bertan behar duen informazio guztia eskuratu, produktu beraren gaineko konparaketak egin, proposamenak jaso, guztia modu interaktiboan eta errealean… baina horretaz beste egun batean idatziko dugu.