Publizitate tradizionalak existitzen jarraitzen du?

Publizitate tradizionalak existitzen jarraitzen du?

Orain dela aste batzuk nerabe frantses bat etxean izan zen elkartrukean. Beste gauza batzuen artean, zein lan egiten nuen galdetu zidan: “Komunikazio agentzia baten lan egiten dut”, “Eta zer egiten duzue bertan?” “Komunikazio aholkularitza, branding-a, sormena, naming-a, diseinu grafikoa, social media, ikus-entzunezko ekoizpena, diseinu editoriala, kazetaritza lanak, argazkilaritza, aireko grabazioak drone bidez, publizitatea…”

“Ah… eta zein motatako publizitatea egiten duzue? Telebistarako iragarkiak?”, galdetu zidan eta galdera berri batekin erantzun nion: “Zuk ze publizitate ikusten duzu? Zer da zuretzat publizitatea?”

Berriketa interesgarria sortu zuen gai honek. Neu, bere garaian publizitate ikasketak eginiko berrogei urtetik gorako (ejem, berrogei urtetik gorako, ez zahar) komunikazio sektoreko profesional bat, eta bera, egunak Interneten eta sare sozialetan igarotzen dituen 15 urteko gazte frantses bat.

Irratia, telebista, aldizkariak, egunkariak ala zinea? Publizitate konbentzionala ala alternatiboa? Zer da gaur egun publizitatea? Facebook, Instagram, Twitter, Likedin, Youtube…? Uff… galdera ona! Ying eta yang, denetik pixka bat.

Orain dela urte gutxi arte ezagutu dugun publizitatea nortasun krisi sakon batean murgilduta dago. Telebistak, inbertsio publizitarioei dagokienez, nagusi izaten jarraitzen duen arren, Internet ikaragarrizko abiaduran hazten ari da. Seihilabeteko honetan, %12,2-ko hazkundea espero da (iturria: infoadex azterketa). Kontsumitzaile gaztetxoenentzat egunkari tradizionala ez da interesgarria; irratia, ere ez; zinea, are gutxiago.

Publizitatea egitea zaila iruditzen zait, korapilatsua, gazteei bideratutakoa batez ere. Lan egiten dugun markaren publikoa oso ondo ezagutu behar dugu, igorri nahi diegun mezua nahi bezala iristeko. Ideia original hori izan eta publikoaren atentzioa erakarri; ostean, beraiekin jardun bat hasi, baliodun zerbait eskaini, eta garrantzitsuena, beraiekin bidaiatu, gogobeteko esperientziak izan, horrela, lan egiten dugun markarekiko leial bihurtzeko.

Etengabeko eboluzioan dagoen mundu bat da publizitatea. Existitzen al da? Noski. Ez da orain dela 30 urtekoaren berdina, egia esan, orain dela 10 urtekoaren antzik ere ez du, baina bere funtsak hor dirau. Marken, ideien, produktuen… salmentarako erremintak erabiltzen ditugu eta erabiltzen jarraituko dugu, hots, publizitatea egiten jarraituko dugu. Hori da nire iritzi apala.

Argazkiaren iturria: Flickr.com, Kristoffer Trolle (cc by 2.0)