Adimen Artifizialaren mehatxua kazetaritzan: ba al dago jakiteko modurik?
Indar geldiezinaz iritsi da Adimen artifiziala kazetaritzara. ChatGPT bezalako tresnek eraginkortasuna, azkartasuna eta eduki-ekoizpen agortezina eskaintzen dute. Hala ere, teknologia horiek prentsan erabiltzeak (edo kazetaritzaren beste edozein esparrutan) kezka handia sortzen du. Batetik kontsumitzen ditugun edukien kalitatea eta sinesgarritasuna dago ezbaian; eta nola ez, kazetaritza-etikan ere eragina du.
Albisteak hautatu eta idazterakoan giza irizpiderik ez izatea da eragozpen nagusietako bat. Kazetariek, datuak biltzeaz gain, testuinguruak interpretatu, iturriak kontrastatu eta beraien esperientzian oinarritutako iritziak ematen dituzte. AAk, aldiz, eredu estatistikoekin eta hizkuntza ereduekin lan egiten du, eta horrek eskarmentu handiko kazetari batek saihestu ditzakeen akatsak ekar ditzake.
Beste alderdi kezkagarri bat edukiaren despertsonalizazioa izan daiteke. Kazetaritzak, funtsean, egilearen subjektibotasunak aberastutako emozioak, kritikak eta ikuspuntuak transmititzen ditu. Iritzia, erreportajea, kronika edo dena delakoa makina baten esku uztean, aberastasun narratiboa eta sakontasun analitikoa galtzeko arriskua dago.
Gainera, kazetaritzaren automatizazioak kolokan jartzen du sektoreko profesionalen lan-iraunkortasuna. Hedabideak AAren menpe baldin badaude edukiak sortzerakoan, erredaktore asko bigarren mailako funtzioetara baztertuta gera daitezke, edo, are okerrago, erabat ordezkatuak izateko arriskua dago.
Kazetaritzan adimen artifiziala erabiltzeak eragin ditzakeen arazoen adibide argia da 2023an gertatu zena Sports Illustrated aldizkarian. Argitaratutako edukiak AAren bidez sortuak ziren. Gainera, kazetarien identitate faltsuak sortu zituzten, izen-abizenak asmatuz eta kazetarien perfileko argazkiak AAren bitartez sortuz. Eskandalu horrek eztabaida handia eragin zuen teknologia horren erabileraren gardentasunaren inguruan, eta automatizazioaren arriskuak agerian utzi zituen.
Bestalde, 2022an, Bild hedabide alemaniarrak dozenaka kazetari kaleratu zituen; hauek, adimen artifizialarengatik ordezkatuz. Horrek kazetaritzaren sektoreko lanaren prekaritatea agerian utzi zuen. Izan ere, langileei ez ezik, edukiaren kalitateari ere eragiten dio; informazio-zorroztasunerako funtsezkoa den giza gainbegiratzea galtzen baita.
Gure etxera, Artemanera, teknologia hau iritsi da eta ez dizkiogu ateak itxiko. Gakoa, teknologia eraldatzaile honen mugak ezagutzea eta lanbidean duen eragina zalantzan jartzea da. AA tresna erabilgarria izan daiteke, noski. Baina Artemanen ez du inoiz kazetariak, teknikariak, eduki sortzaileak, diseinatzaileak… ordezkatuko. Gizartean dugun funtsezko zeregina guk geuk baino hobeto, ez baitu inork egingo.
Zer pentsatuko zenuke esango banizu iritzi artikulu hau Adimen Artifizialak sortu duela? Agian izan liteke, edo agian ez. Hori frogatzea zuri dagokizu. A ze paradoxa, ezta? Nork daki.
Jon Campo.