‘Aniztasunak aberastu egiten gaitu’

Gorka Etxabe/

 

Lelo motza, zuzena, ulerterraza, komunikazio akzioetarako aproposa, gizarte anitzetan fokoa jartzen duena, berdintasunean oinarritutako komunitateak sustatu nahi dituena, benetako aberastasuna desberdinen arteko hartu-emanetan dagoela adierazten duena, kamiseta bateko lelo izan zitekeena, edo kale pintada baterako irudimenezko aldarrikapena, edo manifestazio baten goiburua… ‘Aniztasunak aberastu egiten gaitu’ da Euspot, Euskarazko Spot Lehiaketako aurtengo gaia.

Hala, desberdintasuna gure gizartearen balioa dela ulertuta, spotek imajinaziozko proposamenak egin beharko dizkigute, ikus-entzunezko teknika ezberdinak erabiliz, baina beti ere ideia originaletik, sormen ariketatik abiatuta. Publizitatearen diziplina ezberdinak sustatu nahi ditu Euspotek, eta hori guztia euskaraz egiten bada, era naturalean, askoz hobeto. Euskadiko erreferentziazko spot lehiaketa bilakatu da, euskaraz sortzeko gai izango diren publizisten harrobia sustatu nahi duen ekimena.

Arteman Komunikazioak, Aretxabaletako Udalak eta Mondragon Unibertsitateak sortu zuten 2012an aurreikusiz zein garrantzitsuak izango ziren ikus-entzunezko bitartekoak eta kontsumoa etorkizunean. Eta etorkizuna, hurbilekoa, jada gurean da. Ikus-entzunezko komunikazioak etenik gabe egin du aurrera eta euskaraz publizitatea sortzeko kultura hedatu beharra dago. Oro har, euskaraz ikus-entzunezko produktuak kontsumitzeko aukera da sustatu behar dena, eta arlo horretan kokatzen da Euspot.

Ikus-entzunezkoen arlo zabalean publizitatea ez da esparru faboritoena. Ez du erakargarritasunik ikasleentzat, espezialista gutxi batzuen arlo gisa dago kontsideratua, oso konkretuak diren zerbitzu eta produktuak saltzeko elementu ikus-entzunezkoak izango balira bakarrik. Spoten produkzioak, ordez, sormen prozesu izugarria eragiten dute, eta hori da Euspotek bere proposamenarekin landu nahi duena.

Antolatzaile eta sustatzaile gisa, gure ardura bada euskara, gure ardura badira ikus-entzunezkoak, gure ardura bada komunikazioa, eta aurten, bereziki gure ardura bada berdintasunean oinarritutako gizartea, eta guk ere ozen diogu ‘aniztasunak aberastu egiten gaituela’.