Maiatzaren 18an hasiko da bidaia esperientziak partekatzeko «Ostegun Bidaiariak» lehiaketaren bosgarren edizioa

Bidaia ezberdinen esperientziak partekatzeko eta herrialde zein bidaiatzeko modu desberdinak ezagutzeko asmoz sortu zen Ostegun Bidaiariak lehiaketa Aretxabaletako Udalaren eskutik. Erabat errotuta dagoen ekimen honen bosgarren edizioa maiatzaren 18an hasiko da. Aretxabaletako Udalak antolatu du lehiaketa ere baden ekimen hau Arteman Komunikazioaren laguntzarekin. Lau astetan, ostegunero Aretxabaletako taberna ezberdinetan eskainiko dira bidaia ezberdinen diaporamak.

Bidaia esperientzia hauek dira azken 5 urteotan Debagoienean jaio edo bizi direnek bizi izan dituztenak eta aukera paregabea dute entzuleek udarako ideiak jasotzeko. Emanaldi bakoitzaren ostean, ikusleek emanaldia gauzatu den tabernan bertan botoa emateko aukera izango dute. Hain zuzen ere, irabazleak publikoak aukeratuko ditu. Tabernan bertan egongo den buzoian eman ahal izango dute bozka ikusleek diaporama eta kontakizunaren ostean. Egingarri diren bidaietarako ideia iturri izateari eman nahi zaio garrantzia. Publikoaren saria 100 eurokoa izango da.

 

Ikasketekin lotutako bidaiak

Bosgarren edizio honetan bestelako bidai esperientzien bila jo dugu: gure artean bizi eta ikasten duten ikasleena. Horietako askok jotzen dute atzerrira ikastera, trukeen bidez zein praktikaldiak egitera. Bat-batean herrialde eta kultura desberdin batera ohitu behar izaten dira, eta zinez bizitza esperientzia bitxiak bizi izaten dituzte. Halakoak dira edizio honetako laurak.

Gozatu kontakizunetaz eta eman botoa gustukoenari!

 

Hurrengo emanaldiak izango dira:

 

Maiatzak 18 / 21:30 / Paulaner tabernan

GUATEMALAKO INDIGENEKIN EGONALDIA / Elene Aizpuru

HUHEZIko ikasleak hiru hilabete egin zituen Guatemalan, indigena familia batean bizitzen eta eskola txiki batean irakasle praktikak egiten. Gainera, asteburuetan sumendiak, herrixkak, oihanak eta bestelako kulturak ezagutzeko aukera izan zuen.

 

Maiatzak 25 / 21:30 / Express tabernan

IKASKETAK ETA BIZIPENAK KANADAN / Miren Aranzabal

Enpresagintzako ikasketen azken lau hilekoa Toronton (Kanada) egin zuen. Ikasteaz gain, Toronto, Montreal, Ottawa eta New York bisitatu eta hainbat abentura bizi izan zituen: elurteak, gastronomia ezberdinak, azken orduko planak, ingelesa…

 

Ekainak 1 / 21:30 / Haizea tabernan

HEZKUNTZA BEREZIKO PRAKTIKAK TXILEN / Irati Borge

HUHEZIn hezkuntza berezia ikasten dihardu eta Txilen Down sindromearekin lan egiten duen elkarte batean praktikak egin zituen. Santiago hiriburuan zein hegoaldean bizi izan zen, eta herrialdea ezagutzeko aukera izan zuen.

 

Ekainak 8 / 21:30 / Dagda tabernan

MEXIKOKO KULTURAZ MAITEMINDUTA / Anne Baskaran

Ikus-entzunezko 3. maila ikasi zuen Mexikon eta kulturaz maitemindu zen. Hildakoen egunean Michoacan-eko hilerriak bisitatu, Mexikoko golkoan kayak egin, herri txiki bateko eskolan lagundu, Ozeano barean oinak sartu… denetik probatu zuen.