Rikardo Arregi sariko finalista hautatu dute Lur eta Amets filmaren komunikazio prozesua

Komunikazio arloko saria irabazteko lau hautagaietako bat izango da Arteman Komunikazioa-k Lur eta Amets pelikularentzat garatutako komunikazio estrategia. Azaroaren 26an izango da sari banaketa ekitaldia Andoainen, “Xabier Lete gogoan” lelopean, eta han jakingo da nortzuk diren aurtengo irabazleak.

Hau bai abentura! Primerako esperientzia izan zen Lur eta Amets filmaren sustapenean parte-hartzea. Elkar, Lotura Films, Katxiporreta eta Ikastolen elkartearekin elkarlanean, Euskal Herriko animaziozko pelikularen komunikazio estrategia garatu eta exekutatu genuen 2019-2020an. 

Gauza asko ikasi ditugu komunikazio prozesu honetan zehar. Eta asko irabazi dugu proiektu honekin eta elkarlanean aritu garen pertsonekin. Horren adibidea da, gaur jaso dugun berria, Artemanentzat albiste pozgarria. 

Lur eta Amets filmaren komunikazio prozesua «euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza» bultzatzea helburu duen Rikardo Arregi kazetaritza sariaren finalista gisa hautatu dute. 

Lur eta Amets Durangoko Azokan

Rikardo Arregi Sariak 2020

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak jakinarazi duenez, bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak, bederatzina mila eurokoak: “Kazetaritza saria” bata, eta “Komunikazio saria” bestea. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak. 

Kazetaritza arloko saria jasotzeko finalista gisa izendatu dituzte, BERRIAko Koronabirusaren azken datuen atala;  Miel Anjel Elustondok BERRIAn argitaratutako Tonban ehortzirik elkarrizketa alegiazkoen sorta; Arantxa Arzak eta Felix Zubiak Euskadi Irratian egiten duten Osasun Etxea irratsaioa; eta Euskadi Irratiko Albiste Faktoria irratsaioko lantaldea, urte osoan egindako lanagatik.

Eta, komunikazio arloan, lau proiektu hauen artean izendatuko da irabazlea: Egunean Behin jokoa, CodeSyntaxek sortua; Ene Kantak proiektua; Arteman, Lur eta Amets filma zabaltzeko egindako komunikazio lanagatik; Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus musika taldea, Urmuga proiekturako egindako iragarkiarengatik.

Zortzi finalistak Andoaingo Bastero kultur etxean azaroaren 26an egitekoa duten ekitaldian izango gara, eta han jakinaraziko dituzte arlo bakoitzeko irabazleak.

Zorte on guztioi!