Venezuelako alderdi asko erakutsi zizkigun Jone Ojeak aurtengo azken ‘Ostegun Bidariak’-en

Jone Ojea aretxabaletarrak jakinmin handia zuen Venezuela ezagutzeko; bertako fenomeno sozio-politikoak bere arreta pizten zuen eta, inork kontatu gabe, bere horretan ezagutzea nahi zuen.

Hala, iazko urritik abendura bitartean Merida ingurura jo zuen Haur Hezkuntzako praktikak hango eskola batean egitera; eta izugarrizko esperientzia bizi izan zuen. Hango umeekin harreman polita lortu zuen (handik bueltan urtebetetzean zoriontzeko ere deitu izan diote!), herrialde horretako jende askorekin harremana izan zuen; eta, baita ere, turismoa egiteko ere aprobetxatu zuen, jakina. Hala, 5.000 metrotako gailur batera gidalaria baino sasoi hobean igo, Karibeko irla paradisiakoetan ia aspertu arte erlaxatu, desertuan garagardo txapak aurkitu, itsaso erdian kokatutako etxeetan lo egin, abenturako kirola egin… Hiru hilabete bete-bete, eta beti Simon Bolivarren figura presente.

Joneri esker hango janariak dastatu, poltsikoak balio gutxi duten bolivar fajoz bete, bertako tabernak bisitatu eta ingurune natural ederrak bisitatu genituen. Ezin da gehiago eskatu!

Jende multzo polita batu zen Haizea tabernan eta, txalo zaparradez gain, galderak ere egin zizkioten.

Saio honekin bukaera eman diogu Ostegun Bidaiariak-en 4. edizioari. Laster emango dugu ezagutzera irabazlea. Eskerrik asko guztioi!

 

jone ojea-1jone ojea-2jone ojea-3