Publikoa

Gorka Etxabe/

“Susmoa dut ez diogula behar beste denbora eskaintzen gure publikoaren ezagutza faseari. Arlo horretan ariketa arinegia egiten dugula esango nuke. Kalitatezko denbora falta zaigu. Publikoak ezaugarri bereziak ditu, askotarikoa da, badaude gure oso jarraitzaile direnak, badaude ekaitzik bortitzenaren aurrean ere gure mezuak jaso eta ondo interpretatuko dituztenak, baina badira beste asko ezetz… ‘Gureak’ izanda ere, ez ditugu ezagutzen eta askotan mezu okerrak bidaltzen dizkiegu. Komunikazioaren gakoetako bat da publikoaren ezagutza. Mezuak bidaltzera ohituak diren markentzat lehen mailako arloa da, ezbairik gabe. (Mezua=publikoa=emaitza) formula egoki aplikatu nahi badugu, askoz hobeto ezagutu beharko ditugu”.

Irakurle agurgarria, jakin ezazu hausnarketa irekia egiten ari naizela, eta iritzi hau idazten dudala ziur egonda ulertuko nauzula. Gaurkoan, gainera, Artemaneko zuzendariaren eserlekutik ari natzaizu.

Zergatik da hain garrantzitsua publikoa ondo ezagutzea? Ezagutza horrek eramango gaitu haiek ulertzera. Jakingo dugu zer nahi duten. Zer duten gustuko. Gugandik espero dutena zer den eta zer ez. Jakingo dugu ‘amua’ era erakargarrian kala egokira botatzen. Artemanen aspaldian ari gara markak aztertzen, eta komunikazio zerbitzuak eskaintzen. Aurten egingo ditugu 15 urte emankor. Ahalegindu gara mantentzen bihur-gune gorabeheratsuetan eta zuzen-gune oparoetan oreka. Eta itxuraz lortu dugu, naiz eta ez beti.

Argi dago iraganak zentzu handiagoa izango duela etorkizunean asmatzen badugu. Aurrera begira dihardugu aspaldion, eta gu ere gure publikoarekin asmatzera behartuta gaude. Guretzat ere oso inportantea baita. Balio dezala hausnarketa ariketa honek beste edozein marka, enpresa edo eta norbanakorentzat. Denok eragiten baitiogu gure inguruari modu batera edo bestera.

Konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako zerbitzua eskaini nahi dugu eta asmatzen jarraitu, naiz eta jakin askotan ez dugula asmatu. Gizartea aldatu da, pertsonok aldatu gara, komunikazioa egokitu beharra dago. Hausnarketa honek ere balio du edonork aplikatzeko.

Aldatu ez direnak erakunde edo markaren ospearen oinarriak dira. Gure bezeroen aitortza jaso nahi badugu, Artemanen koherenteak izan beharko dugu komunikatzen dugunarekin, mezuarekin. Produktu onak eta zerbitzu hobeak eskaini beharko ditugu. Gizartearekin arduratsuak izan beharko gara. Etikoak eta gardenak. Eta noski, emaitza ekonomiko egokiak izan beharko ditugu. Lankideak izan daitezela gure markaren enbaxadore nagusiak. Arteman aipatzen dudanean, beste edozein markaz ari naiz. Ospearen oinarri horiek guztiontzat baitira erabilgarriak.

Bukatzeko, gurako neuke gaur gaurko komunikazio kanal berrien inguruko datu batzuk eskaini, balio dutenak erakusteko publiko orokorra non dagoen. Sare sozialei begiratuta, 2018ko datuak aztertzeari ekin diot eta honatx emaitzak: 2.167 milioi erabiltzaile aktibo hileko ditu Facebook-ek. YouTubek, berriz, 1.500 milioi erabiltzaile aktibo. Whatsapp-ek 1.300 milioi erabiltzaile eta Instagram-ek 800 milioi erabiltzaile aktibo/hileko. Azken sare sozial honek bikoiztu egin du erabiltzaile kopurua azken urtean.