KONTAKIZUN BERRIA
IKASTOLEN ELKARTEA
Aro aldaketaren aurrean.
SARRERA
- Agian izan daiteke unerik egokiena.
- Agian izan daiteke sasoi berezia.
- Ausardiaz aritzekoa (urteetan izan den bezala).
- Izan daiteke tsunamiaren aroa.
- Aldaketarena. Edo agian ez.
Ikastolen Elkarteari proposatzen diogu bere marka berriaren sorkuntzan bidelagun aukeratu gaitzala. Marka berriaren eraikuntzak Ikastolen proiektua indartzea du helburu, lehiakorrago izateko, dibertsitatea erakusteko eta gizartearekin duen konpromiso eta inplikazioa adierazteko.
Marka berria, kontakizun partekatua
Eraikuntza partekatua egitea da proiektuaren helburua. Ikastolen Elkartearen zuzendaritza organoek eta 114 ikastoletako ordezkariek adostea sorkuntza berria. Ikastolen Elkartearen pertzepzioa handitzea da helburua eta gizartean duen eragina eta ospea handitzea.
Kontakizun berriaren sorkuntza eta marka berriaren eraikuntza talde-lanaren ondorioa izango da. Artemanek proposatzen du prozesu parte-hartzailea egitea eta prozesua bera izatea komunikazio eta proiektu berriaren oinarri sendoa.
114 ikastoletako ordezkaritza batek (%20) jasoko luke gonbidapena saio ezberdinetan parte hartzeko. Guztiek erantzungo liokete oinarrizko galdera zerrendari. Ikastolen Elkarteko marka berritzeko sasoia iritsi dela uste duzu? Zeintzuk izan behar dute markaren atributuak? Zein izan beharko litzateke etorkizuneko estrategia marka hedapenean? Nola aurkeztu beharko litzateke marka berria?
1960an ikastolak sortu zirenetik, mugarri asko bizi izan ditu ikastolen mugimenduak orohar eta Ikastolen Elkarteak bereziki. Herritik eta herrirako sorturiko hezkuntza proiektuak ziren sorreraz, izan dira bilakaeran, dira gaur egun eta izango dira etorkizunean ere.
Historian une berezi asko bizi izan ditu Ikastolen Elkarteak eta ikastolen mugimenduak. 1970eko hamarkadan bakantasunetik batasunerako pausoak eman ziren, gatazka ideologikoak gainditu eta federazioak sortzeko unea izan zen. Gipuzkoakoa lehena eta haren ondotik gainerakoak.
1980ko hamarkada ikastola ereduaren garapenekoa izan zen. Barne-gogoeta sasoi ugari egin ziren eta 90eko hamarrekoa indarrez hasi zuen elkarteak, sendotze fase nabarmenean. Jaurlaritzarekin akordio politikoak sinatu ziren eta lehenengo Batzarrak burutu ziren, lehena eta bigarrena.
1993an etorri zen krisia, sufrimendua. Basamortutik igarota, eskarmentua hartuta, garai berri bati ekin zion Ikastolen Elkarteak. Hala, bigarren milurtekoari indarberrituta ekin zion elkarteak. Ikastolen hezkuntza-proiektua sendotzeko ilusioarekin.
ARO ALDAKETA
1960tik 65 urte beteko dira 2025ean, eta oraingoan ere aro aldaketa dator. Zuzendaritzan aldaketa sakonak eta esanguratsuak egon dira, zazpigarren biltzarrean etorkizuneko erronkei ausardiaz erantzuteko hautua egin da eta etapa berria, marka eta izen berriaren sasoia ere izango da. Orain baita unerik egokiena. Beste batzuk egonen badira ere.
IKASTOLEN ELKARTEA
Zazpigarren Batzarra: kontakizunaren oinarririk sendoena
Ikastolek onartu dute etorkizuneko bide-orria. Ekainean Iruñean eginiko Zazpigarren Batzarrean aro berriaren estrategia aurkeztu eta onartu zuten. Batzarrak etorkizuneko ikastola irudikatu zuen. Etorkizuneko eraikuntzarako gako nagusiak adostu zituen eta pertsona eredua definitu zuen: euskalduna, barne sendotasuna duena, kooperatiboa, erabakitzaile-ekintzailea eta eraldatzailea.
Zazpi herrialdeetako ikastolentzat oinarri komun bat izango duen hezkuntza marko orokorra onartu zuen batzarrak. Hezkuntza sistema osatuago eta aurrerakoiago bat eraikitzeko balioko du aipatutako markoak. Etorkizuneko erronkei erantzuten saiatuko den hezkuntza eredua.
IKASTOLEN ELKARTEA
Etorkizuneko bide orria
Ikastola-mugimendu indartsua dago jomugan. Euskal Hezkuntza Sistema propioaren eraikuntzan bere alea jarriko duena, bere sorreratik egin duen moduan. Publikotasun eredu berri baten gidaritza bere egingo duen ikastola eredua. Aniztasuna eta inklusibitatearen lanketari zentralitatea emango diona. Teknopedagogia zentzuz landuko duena, IKTen erabilera kontzientearen aldeko apustua egingo duena. Konpetentzia digitalak garatzeko, baina erabilera kontzientean oinarriak ezarriz. Eta noski, euskara eta euskal kulturaren momentu kritikoan, egoerari buelta emateko moduko sistema sortuko duena.
Horrexegatik guztiagatik diogu Ikastolen Elkartea aro berri baten aurrean dagoela. 114 ikastolak aro berri bati ekin behar diotela. Ikastolak dira subjektua. Ikastolak dira euren etorkizunaren protagonista. Ikastolak aurrerantzean, orain arte izan diren bezala, euskal gizartean aktore protagonista izango dira.
ZENBAIT AURREKARI
Esloganak, leloak, kanpaina konkretuak edo eta unean uneko eduki deigarriak sortu izan ditu Ikastolen Elkarteak azken urteotan. Agian deigarriena azken urteotako Gu Ikastola! izan daiteke.
Identitate bisual malgua, moldakorra eta denboran iraungo duena
Ikusizko planoak estrategia hori islatu behar du, izaera eta aldakortasuna emango dituen identitate baten bidez. Hori lortzeko, testuekin, konposizio garbiekin eta patroiekin jolastuko dugu. Proiektuaren elementu garrantzitsuenetako bat Ikastolen Elkartearen tipografiaren kontzepzioa izango da. Jatorrizko sorkuntza honek markaren unibertso grafikoa gidatzen du, eta Euskal Herriko erreferentziak eguneratu ditzake nortasunik galdu gabe. Gainera, erreproduzitzeko erraza den sistema grafiko bat proposatuko da, hainbat erakundek aplikatu ahal izan dezaten, eta Ikastolen Elkartearen barne dagoen sare zabalak aplikatu dezan.
Gu Ikastola!
“Apaltasunezko plurala” deitu izan dute batzuek. “Plural soziatiboa” ere esaten diogu. Pertsona bati baino gehiagori egiten dio erreferentzia, baina pertsona horien artean hiztuna bera ere sartzen da, hau da ni + beste zenbait pertsona da gu hori.
Ikastolak Gu asko ditu. Irakasleak, ikasleak, familiak, herriak, eskualdeak, komunitate osoa gara gu hori. Azken aldian Ikastolen Elkarteak Gu Ikastola eslogana erabili izan du eta sendotu egin da.
Ikastolak 114 entitate ezberdin batzen ditu. Ikastolak 57.000 ikasletik gora formatzen ditu Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Milaka irakasle eta familiari babesa eskaintzen die. Erreferentziazko aktore bilakatu da Euskal Herriko administrazio ezberdinentzat. Eta etorkizunean ere horrela izango da.
PROPOSAMENA
ALDAKETA PROZESUA
Integratzailea: Ikastolen Elkarteak sustatu eta ikastola ezberdinetako komunikazio arduradunek zein zuzendaritzetako kideek parte hartu beharko lukete. Artemanek proposatzen du abenduan hasi eta martxora bitartean bilera parte-hartzaileak antolatzea eta egitea.
Integratzailea eta parte-hartzailea
Ko-sorkuntzaren faseak:
IKERTU: Elkarrizketak eta sektorearen analisia egin (diskurtsoak, akzioak, konpetentzia).
KO-SORKUNTZA: Ikastolako aktore ezberdinekin eta administrazioko kide eta lagunekin. Euskalgintzako sektoreko ordezkariekin.
SAIO IREKIAK: 3 saio ireki egin, ikastoletan komunikazioaren arloan dihardutenekin. Ikastolen Elkarteko zuzendaritza eta ikastoletako ordezkariekin. Eta ikastoletatik kanpo, euskalgintzako, hezkuntzako eta administrazioko kide eta lagunekin. Ikastoletatik kanpoko iritzia eta ekarpena jasotzeko galdetegi bat bideratuko da.
PROZESUA ESTRATEGIAREN PARTE: Bilakatu dezagun aldaketa prozesua estrategiaren parte. Sentitu dezala kolektiboak sorkuntza berriaren parte dela.
HAUSNARKETA SUSTATU: Posizionamendua. Publiko helburua. Atributu bereizgarriak. Ikastolaren balioak. Markaren pertsonalitatea. Markaren ahotsa. Etorkizuneko erronka, aukera eta mehatxuak.
PROPOSAMENA LUZATU: Marka + kontakizun berria.
PROPOSAMENA LUZATU: Komunikazio plana.
FASEAK
Kronograma: 6 hilabeteko prozesua.
Prozesuaren hasiera
2024ko abenduan
Lehenengo faseko amaiera
2025eko maiatzean
Marka berriaren aurkezpena
2025eko irailean
Ikastolen elkartea, marka berria.
Nora goaz?
Komunikazioaren arloa indartu eta plan proaktiboa sustatu. Komunikazio dinamikoa bideratu, marka ezagutzera emateko eta ikastolen aro berriaren oihartzuna biderkatzeko. Marka berriak egiteko modu berri bati erantzun dakioke, betiko helburuekin baina egiteko modu berriarekin datorren mugimenduari. Nora goaz? Galderari erantzuten saiatuko gara.
AURREKONTUA
17.900,00 euro + BEZ.
Marka berriaren sorkuntzan Arteman inplikatuko da, enpresa lez, eta Artemaneko estrategia taldeko eta diseinu arloko hiru lagunek dinamizatuko dute prozesua. 3 saioak estrategiako bi lagunek gidatuko dituzte, bost laguneko taldeak osatuko dira eta dinamika arinak planteatuko dira.
Administrazioko eta euskalgintzako ordezkari, kide eta lagunekin beste saio bat planteatzen da, kanpo ikuspegia aztertzeko eta ikuspegi ezberdinak aztertzeko; galdetegi bat pasako zaie beraien ekarpena egin ahal izateko.
Ikerketa eta analisiaren ondoren egingo da marka berriaren aurreneko diseinua.
Paraleloan sortuko da kontakizun berria. Aro berriari erantzungo diona.
Jarraian marka berria ezagutzera emateko komunikazio plana edo kanpaina konkretua definitu eta onartuko da.
Honako hau aurrekontu estimazio bat da. Arteman lana burutzeko aukeratua bada aurrerago estimazioa aurrekontu definitibo bilakatuko delarik. Prozesua + marka sorkuntza + marka erabilera eskuliburua + kontakizun sorkuntza + marka aurkezteko kanpaina sartzen dira aurrekontuaren barne (akzio konkretuak zehaztu gabe).