Kode etikoa

Kaixo, lagunok:

Dakizuen bezala, Arteman kooperatibak sortzen dituen komunikazio produktu eta zerbitzuen bitartez gure bidelagun diren erakundeen irudia eta ikusgarritasuna hobetzea lortzea da gure xedea.

Kooperatibak pertsonak, parte-hartzea eta gardentasuna ditu oinarri bere jardunean. Kooperatibaren esparru estrategikoarekin bat etorriz, gaur egungo inguru bizkor, malgu eta aldakorrean, Kooperatiba osatzen dugun pertsonen garapena ahalbidetzen duten balioak ardatz dituen gobernantza-eredu bat nahi dugu, gure eboluzioak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko aukera ematen diguna, eta gure izaera zein indarreko legeria errespetatzen dituena. Kode Etikoa gobernantza-sistema horren funtsezko pieza da. Gure identitatea definitzen duten eta inguruan dugun eragina erabakitzen duten balioak biltzen ditu.

Garrantzitsua da Arteman osatzen dugun pertsona guztiek balio horiek ezagutzea eta eguneroko bizitzan aplikatzea; izan ere, balio horiei esker lortuko dugu, helburuak erdiesteko ahaleginean, gure izaerarekin (autogestioa, erantzukizuna, demokrazia, berdintasuna, ekitatea eta elkartasuna) zintzoak izatea. Informazioaren, heziketaren eta talde-lan jarraituaren bidez, balio horiek gure kultura kooperatiboan txertatzea bultzatuko dugu.

Kooperatiba osatzen dugun guztiok Kodeari jarraikiz jardun behar dugu eta, aldi berean, legeak bete behar ditugu.

ARTEMAN KODE ETIKOA

1. Definizioa

Kode Etikoa Kooperatibak bere eginkizuna garatzeko oinarri hartzen dituen balioak eta helburuak lortzeko sustatu nahi duen jokabidea biltzen dituen dokumentua da.

2. Aplikazio-eremua

Kode Etikoak erakundeko pertsona guztien (langileak, bazkideak, Errektore Kontseilua, Zuzendaritza, Lider Taldeak eta tokiko taldeak**) eta aliatu nagusien jokaeraren inspirazio-iturri izan behar du negozioa garatzeko orduan.

3. Balioak eta jokabidea

Artemanek izan nahi du enpresa eta erakundeen komunikazio bidelagun euskalduna eta inspiratzailea, beraien irudia eta ikusgarritasuna hobetzeko kalitatezko produktu eta zerbitzu bikainak eskainiz. Horrez gain, Kooperatibak inguruko gizartean eragin nahi du, lanpostuak eta aberastasuna sortuz eta gure izaera eta balioak transmitituz. Inpaktu sozial eta ekonomikoa eragiteko ahalmena duen tresna izan nahi du. Helburu hori lortzeko, balio hauek ditu ardatz:

1) KOOPERATIBISMOA. Lan egitean autogestioa, erantzukizuna, demokrazia, berdintasuna eta elkartasuna ditugu beti oinarri; hortaz, erakundea bazkide guztion artean demokratikoki kudeatzen dugu. Bazkide guztiok eskubide, betebehar eta aukera berberak ditugu, eta erabakietan aktiboki parte hartzen dugu.

Albokoari lagunduko diogu, izango gara erantzuleak, zintzoak eta gertukoak. Erantzukizuna, demokrazia eta berdintasuna oinarri hartuta, inguruko pertsonen ongizatearen alde lan egingo dugu eta baloratuko ditugu besteen ekarpenak.

2) PRESTAKUNTZA. Gure sektorea konplexua da eta gu kooperatiba izaki, Arteman osatzen duten pertsonei etengabeko prestakuntza eskaintzera behartuta gaude, haien erantzukizuna betetzeko, haien iritzia azaltzeko, erabakitzeko eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko gaitasunak dituztela bermatzearren.

3) BERRIKUNTZA. Kooperatibak konpromiso irmoa du proiektuaren bikaintasunerako beharrezko gailu, sistema, programa, software, prozesu berrietan inbertsioa egiteko. Aprobatzearekin ez gara konformatuko; beti lan egingo dugu ideia berriak eta hobeak aurkitzeko, norbanakoa inspiratu eta besteak inspiratzeko. Mundura begiratuko dugu eta mantenduko dugu jakinmina soluzioak aurkitzeko eta hauek inplementatzeko egoera ezberdinetara. Erronka berriei aurre egiten saiatuko gara etengabeko hobekuntza sustatuz. Ekintzaile eta berritzaile izanik.

4) AUSARDIA. Datozen belaunaldiei legatu bikainena uzteko gaude hemen eta horregatik, bada, ulertzen dugu egungo proiektuaren arrakasta ez dela nahikoa eta ezin dugula jaitsi begirada. Etengabe lan egin behar dugu gure garapen pertsonala eta profesionalaren alde. Aldaketen aurrean malgutasunez jardun eta egoera berrietara azkar egokitzen saiatu.

5) KALITATEA. Gaizki egindakoaz ikasi, egokitu, moldatu eta hobetzen saiatzen gara. Bikaintasunez jardunez eta erantzunez. Bidelagun bakoitza bakarra eta errepikaezina delako guretzat.

Era berean, Artemanek ulertzen du, bere helburua lortzeko, erakundeko kide diren pertsonek eta negozioa garatzen laguntzen diguten aliatuek honako jokabide hauek beren egin behar dituztela:

1) KONFIANTZA. Gure lan egiteko modua hurbila da, naturala, eta talde zein pertsonen arteko konfiantzan oinarritzen da (bai zuzendaritza, Lider Taldea eta Errektore Kontseiluaren artean, bai tokiko taldeen artean eta, oro har, Arteman osatzen duten alor eta pertsona guztien artean). Horri esker, pertsona guztiek konfiantza osoan lan egiten dute, badakitelako gizarte-oinarriaren gidalerroak eta zuzendaritzak gainbegiratzen eta kontrolatzen dituen Errektore Kontseiluaren ildo estrategikoak errespetatzen dituztela betiere.

Hitza mantenduko dugu eta errespetatu besteen denborak. Badakigu gure erabaki pertsonalek modu zuzenean ala zeharkakoan gure taldekide, bidelagun, interes talde ala komunitate sarearengan eragiten dutela. Gertukoak gara eta inguruan eragingo dugu beste eragile batzuekin interkooperatuz, pertsonak ondo artatuz eta konfiantzazko kide izanik.

2) PARTAIDETZA. Pertsona informatuak, prestatuak nahi ditugu, komunikazio eredu-joera-produktu eta zerbitzuen nondik norakoak erabakitzeko gauza direnak. Kooperatibako bazkide guztiek benetan parte hartzea nahi dugu, gure jarduera errazteko, sustatzeko eta proiektatzeko; horrela, gure gizarte-oinarriaren potentziala aprobetxatu ahal izango dugu defendatzen dugun komunikazio eredu bikain eta inspiratzailean inpaktua handiagoa lortu ahal izateko.

Taldeko partaide izaera sustatuko dugu jakinik norbanako gisa ematen dugun pausu bakoitzak taldea sendotzeko balio duela. Bakarka baino, lankidetzan, guztion parte hartzearekin, gehiago gara. Ez gara ikus-entzun taldekideak, ez gara diseinu taldekideak…. batera, guztiok, egiten dugu handi Arteman.

3) ERRESPETUA. Proiektu eta espazio jakin batzuk partekatzen dituen komunitate anitza gara. Artemanen elkartzen garen pertsona guztien arteko errespetua dugu oinarri, hau da, harreman eta elkarreragin harmoniatsua ahalbidetzen dituen tratu adeitsu eta tolerantea, pertsona guztien eta gure proiektu komunaren mesederako. Ez dugu edozein motako diskriminaziorik edota erasorik onartzen, eta are gutxiago sexu-erasorik; beraz, halako jokabideak ikustean, gure komunitateak irmo erantzutea espero dugu.

4) EUSKALDUNTASUNA. Sinetsita gaude gure ama hizkuntzak, euskarak, baduela balio erantsi bat gure inguruko gizartearekin konektatzeko eta bertako kide sentiarazteko. Eta gure aliatuak (erakunde laguntzaileak, negozio-kideak, enpresa hornitzaileak, eta abar) ere sinetsita egotea nahiko genuke.

4. Langileen, bazkideen, kontseilarien, gerenteen, enplegatuen eta laguntzaileen obligazioak

Haien erantzukizun, zeregin eta lanak betetzean eta Artemanen izenean edota Kooperatibarentzat jardutean, bazkide-oinarriak, Errektore Kontseiluko kideek, gerentzia-taldeak, langileek eta laguntzaileek hitzematen dute:

1) Kode Etikoaren balioak ezagutzen eta bere egiten dituztela.

2) Kode Etiko honen, kodea garatzen duten araudien eta kodeari dagozkion legeen arabera jokatuko dutela.

3) Ez dituztela onartuko Kode Etikoa, kodea garatzen duten araudiak edota kodeari dagozkion legeak urratzen dituzten jokabideak.

4) Kode Etikoaren irismenaren eta kodea garatzen duten araudien gainean zalantzarik badute, edo Kode Etikoa zein araudi edota legeak hauts ditzakeen edozein jokabide ikusten badute, kontsultatu egingo dutela.

5) Kode Etiko hau urratzen duten jokabideak ohartarazi edota salatuko dituztela.

Kontsultak, zalantzak, iradokizunak eta salaketak  Artemaneko BERDINTASUN kanal etikora bidali beharko dira.

5. Ez-betetzearen ondorioak

Artemanek urraketa larritzat jotzen du Kode Etiko hau ez betetzea eta ez-betetzek gure barne-politiketan aurreikusitako ondorioak ekarriko ditu berekin, nola lan-kontuetan hala erakunde hornitzaile eta aliatuekin dugun harremanetan.

6. Garapena, zabalkundea eta berrikuspena

Kode Etikoa Artemanen funtsezko prozesuetan aipatutako balioak ezartzea bermatzen duten politika eta prozeduren bidez osatu eta garatuko da. Kode Etikoa Arteman osatzen duten pertsona guztien artean zabalduko da. Zuzendaritza arduratuko da horretaz, Lider Taldearen ala Tokiko Taldeen (Berdintasun taldea…) laguntzarekin. Kode Etikoa aldizka berrikusiko da eta, dagokionean, eguneratu egingo da.

7. Onarpena eta aldaketak

Artemanen Errektore Kontseiluak onartu du Kode Etiko hau 2023ko abenduaren 20an egindako bileran.

** Tokiko taldeak: ad. berdintasun taldea ala sor daitezkeen antzekoak.