Artemaneko hiru kide Amsterdameko IBC ikus-entzunezko teknologien azokan izan berri gara

Josu Txintxurreta/

IBC ikus-entzuneko sorkuntzan mundu osoan jarduten duten profesionalei zuzendutako urteroko azoka eta bilgunea da. Bertan hitzaldiak, proiekzioak, erakusketak, produktuen aurkezpenak etab… izaten dira, eta alor horretako mundu mailako enpresa gehientsuenak bertan izaten dira beraien produktuak erakusten. Orain arte, Madrilen ospatzen den Broadcast azokara joan izan gara ia urtero, baina aurten Artemanen pauso bat gehiago ematea nahi izan dugu eta Amsterdamera jo dugu IBCa bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia ahaztezina izan da.

ibc01ibc00ibc02ibc03

Helikoptero txiki batek harrera egin zigun, eta ondoren gizon atsegin batek bere Osmoa erakutsi zigun, z axisa instalatuta zuena. Azoka zabaldu bezain laster zuzenean Lacieko standera joan ginen. Produktu berrienak erakutsi zizkiguten eta baita aholku batzuk eman gure irudiak nola gorde hobetzeko: disko gogor mota desberdinak eta baita irudiak gordetzeko hainbat sistema. Gaur egunean 4Kn lan egiteak irudiak gordetzeko sistema sendo eta fidagarri bat izatea eskatzen du.

ibc04ibc05

Alboko standean mago batek ikuskizuna eskaini zigun; bere lehen ikusleak ginen, trikimailu pila bat egin zituen, bere produktuaren balioak trasmititzearekin bat. Egia esan, stand original asko aurkitu genituen, erakartzeko modu oso desberdinekin gainera. Goiz osoa pasa genuen bizpahiru pabilioi ikusten; IBC erraldoia da! Arratsaldean hainbat stand bisitatu genituen eta hainbat kontaktu egin ere. Azokaren barruan mugitzeko IBCkoek sortutako aplikazioaz baliatu ginen. Bitxikeri moduan Canoneko stand-aren ondoan zegoen postu txiki batera joan ginen time-lapseak egiteko kaxa bat ikusteko. Aurora borealak urrunetik jarraitzeko sistema bat asmatu zuen tipo batekin egon ginen. Momentu hartan 5 kamera zituen munduan zehar banatuta argazkilariei zuzenduta. Horrez gain, Dedolighten stand-a bisitatzeko aukera izan genuen; aurten egin dugun inbertsio nagusienetakoa bertan erositako argi jokoa da.

RED kameren standa ikustea derrigorrezkoa zen, kamera hauek maite ditugulako. Stand-eko jendea oso adeitsua izan zen gurekin eta genituen galdera guztiei erantzun zieten. Gure lankide Julen bereziki oso pozik atera zen stand honetatik. Lehenengo eguna oso emankorra izan zen eta ondo aprobetxatu genuen.

ibc06ibc07

Larunbatean eguraldi zoragarriaz jaiki eta metrora jo genuen IBCkoek oparitu ziguten garraiorako ticketekin. Goizean aurretik pentsaturik geneuzkan standak ikusi genituen: Zacuto, Arri, Panasonic etab… Gure hornitzaile den Camaralariako Jose Manuel beteranoarekin ere topo egin genuen. Jose Manuel urtero joaten da bertara. Sigmako standera joan ginen, japoniarrengana. Oso adeitsuak izan ziren gurekin eta oso harro zeuden beraien produktuekin, dudarik ez. Eta, nola ez, droneak ere protagonista izan ziren azokan, pabiloietan barrena edonon ikus zitezkeen sapaietan. Atomosen standa ikaragarria iruditu zitzaigun. Kristoren ikuskizuna egin zuten beraien produktuak aurkezteko. Handik ARRIren hitzaldira jo genuen. Beraien produktuak maisuki erakutsi zituzten. Marketina barra-barra bazuen ere, ondo egon zen.

ibc08ibc09

Arratsaldean Zacutoko standean zozketa irabazi genuen. gure Fs7arendako rig bat. Artemanera bueltan ekarri dugun gailu dotorea! Ondoren IBCko gune futuristara joan ginen, elementu berritzaileak ikustera: 8k HDr monitorea, errealitate birtualeko gela, vr-rekin eginiko hainbat proiektu…Zoritxarrez gune horretan ezin zen argazkirik egin. Jon Favreauren The jungle book Hdran eta dolby 3Dan ikusteko aukera ere izan genuen; ikaragarria izan zen! Gainera, zuzendariak berak teknologia berri hauen nondik-norakoak azaldu zituen. Izugarrizko kalitatean gozatu ahal izan genuen IBCko zine areto erraldoian. Ondoren 360 softwarea teknologia probatzeko aukera izan genuen. Laster barneratuko dugu Artemanen teknologia berri hau.

Hegazkina hartu eta Bilbora esperientzia ahaztezin bat bizi izanaren sentsazioaz bueltatu ginen.

ibc10