Egin zure marka munduko handiena!

Iker Barandiaran/

90eko hamarkada arte ekoizleek produktua saltzerakoan izen eta logotipo bat gehitu eta merkatura ateratzen zuten. Gerora etorri zen bizitza estilo edo pentsaera bat irudikatzen duen marka ‘hutsa’-ren estrategia. Hala, AEBetako marka handi batzuk zabaldu zuten ildo hori: Nike, zapatilak saldu baino gehiago, kirolean oinarritutako bizimodua eskaintzen hasi zen; Starbucks-ek, kafe ona eta kafetegi handiak eskaini beharrean, komunitate izaera; Disney-ek familia aisialdi esperientzia, eta abar luze bat.

Horiek guztiek eta atzetik etorri garenetako askok sarritan produktuak baino ideiak saltzen dituzte eta ditugu. Eta halako batean luzaroan eraikinak altxatu eta erosten aritu ostean, Trump enpresa-familiak argia ikusi zuen: ‘Trump’ izena handienera eraiki eta non-nahi saldu eta errentan jarriko zuen. Horra hor, Trump ura, Trump xerrak, Trump unibersitatea, Trump dorreak, Trump hotelak… Gaur egun horietako gutxi dira Trump taldearenak, baina izen hori eramateagatik milioika eta milioika dolar jasotzen ditu urtero. Eta urteetako lanketaren ostean lortu du bere markak, globala denak, Ameriketako Estatu Batuetako gobernuarekin bat egitea.

Trumpen marka eredua oso bortitza da, baina orain arte emaitza oso onak eman dizkio Trump taldeari. Gizartean batzuek galduko dute eta beste batzuek irabazi; baina batzuk gero eta pobreagoak badira, gainontzekoak hobe egongo dira. Eta hori izan zen presidente bilakatzeko erabili zuen mezua: langile zuriak salbatuko zituela koloretako jendea bortizki alboratuz.

Bere markaren oinarria da botereak aberastasuna erakartzen duela eta jefea izanik nahi duena egin dezakeela. Hala, jokatzen du egunero hartzen dituen erabaki guztietan eta kanpora begira ere erakusten duen irudian. Uneoro ari da bere markarako dibidendoak sortzen, bere familia uneoro ari da aberasten, atzerriko gobernuetako asko Trump hoteletan inbertitzen dabiltza AEBetako gobernuarekin harremanak estutzeko… Izan ere, Trump Taldeak ez du inola ere familia-negozioa eta AEBetako gobernua bereiztu ezta aldendu. Dena bat da.

Horrekin lotuta esan beharra dago hain ondo lotuta daukala Trump Taldeak bere markaren etekina, AEBetako gobernuari zein Donald Trumpi buruz gaizki hitz egitekotan ere hitz egite horrek etekin handiak ematen dizkiola. Horregatik, gobernu hori eskandaluz eskandalu ibiltzeak ez gintuzke harritu beharko.