Gasteizen bai, posible da

[vc_row padding=”default-padding” bg_attachment=”scroll”][vc_column el_class=”col-md-8 col-md-offset-2″][az_column_text]

Gasteizen bai, posible da

Iker Barandiaran/

Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzutik lehiaketa baterako gonbidapena jaso genuen. Hiriko merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera indartzeko astebeteko kanpaina antolatzea; ez gehiago eta ez gutxiago. Astearen komunikazioa? Edo asteko akzio guztiak antolatu eta baita ere horien komunikazioa? Biak, eta aurrekontu dezente mugatua.

Zenbakiak ondo egin, eta euskararekiko gure atxikimenduak zein hiriarekiko dugun hurbiltasunak bultzatuta lehiaketan parte hartzea erabaki genuen.

Lehenik eta behin, helburuak eta hartzaileak gehiago zehaztu nahi izan genituen: kanpainaren hartzaileak behar zuten izan beraien negozioetan oraindik euskararen erabileraren aldeko pausoak ematen hasi ez direnak; eta baita ere hiritarrak, beraien egunerokotasunean saltoki, taberna zein jatetxeetan euskara erabili dezaten. Eta, horiekin batera, dagoeneko beraien negozioetan euskararen alde egiten dutenei aitortza egitea; horien artean dagoeneko modu nabarmenean lantzen dutenak, baina baita bidean hasi direnak ere.

Oso argi genuen Gasteizko egoera soziolinguistikoa berezia dela. Azken 10-15 urtetan euskarak bide handia egin badu ere, ia zerotik abiatu zen eta oraindik hiritar askok eta askok ez dute euskararekin inongo harremanik. Baina, bestalde, jakin badakigu Vitoria-Gasteizen bizi diren askok euskara gauza positibotzat ikusten dutela eta honekiko oinarrizko hurbiltasuna sentitzen dutela. Hori horrela izanda, pentsatu genuen gasteiztarrei euskararen aldeko pauso bat ematea, keinu bat egitea, eskatzea. Pauso edo keinu txikienak ere, bere tamainan, gehitu egiten duelako euskararen presentzia. Keinu guztiak dira garrantzitsuak.

Hala, edozein gasteiztarrek ulertu dezaken esamolde erraz eta hurbila aukeratu genuen, erabateko kutsu positiboa duena, eta horrela izena jarri genion kanpainari: ‘Gasteizen Bai’. Are gehiago, kanpainako irudirako merkataritza eta ostalaritza negozioetan lan egiten duten lau pertsona aukeratu genituen, gazte zein nagusi, eta eskatu genien eskuarekin ‘bai’ keinua egitea. Horrekin batera, keinuaren esanahia hobeto gorpuztu, gazteengana heldu, parte-hartzea indartu eta ekimen birala lortuz kanpainari ikusgarritasuna emateko ‘Zure keinuak hiria aberasten du’ lelopean instagram-en argazki lehiaketa antolatu genuen: hiritar orori ‘bai’ keinua eginez argazkia igotzeko gonbidapena egin eta sariak zozketatzea.

Oinarri garrantzitsu hori izanda, asterako edukiz, mezuz eta hartzailez betetako egitarau anitza prestatu genuen, eta horixe guztia Udalari aurkeztu. Proposamenak oso harrera ona izan zuen eta lehiaketa irabazi genuen.

A ze produkzio lana! Mota desberdinetako ekintzak, hartzaileak eta helburuak; eta oztopoak asko: Gasteizko neguko euri zaparrada eta haizeteak, Alaves futbol taldeak aste barruan Kopako sailkapena jokatu izana, Udaleko aurrekontua onartzeko zailtasunak eta gobernu-taldearen gorabeherak… Horren aurrean pertseberantzia, buru hotza, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko lantaldearekin elkarlan harreman estua, lan eskerga eta komunikazio lan ona.

Euriari aurre eginez, elkartu ditugu hirian euskararen alde lan egiten duten hainbat elkarte eta gizabanako; politikari eta udal zerbitzu desberdinek bat egin dute erabat kanpainaren helburu eta dinamikarekin; Kike Amonarriz soziolinguistak baikortasunerako eta lanerako hauspoa eman die merkataritza, ostalaritza eta euskalgintzako eragileei; hiritarrek irribarre handiarekin hartu dute kanpaina eta ‘bai’ egiteko konpromisoa hartu dute; dagoeneko euskara egunerokoan txertatzen dabiltzan profesional eta bezeroak hunkitu ditugu; frankizia eta multinazionalen esparruak diren merkatalguneetara ere euskararen ale esanguratsu bat, etorkizunak markatzen duena, eraman dugu; eta guztion artean aurrera egitea posible dela irudikatu dugu.

gasteizen-bai-gasteiz-posible-blog-arteman-komunikazioaren-artisauak
[/az_column_text][/vc_column][/vc_row]