4.000 ikusletik gora ERRAIAK dokumentalaren proiekzioetan 2019an

Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioak elkarlanean ekoiztutako ERRAIAK dokumentalak lau mila ikusletik gora bildu ditu dagoeneko Euskal Herri osoko areto ezberdinetan. 2019an zehar programatutako proiekzio birak arrakasta nabarmenarekin bete du  bere helburua, 35 emanaldi hartuz bere baitan. Urte sasoi honetan dokumentala Euskal Herriko txoko ezberdinetan ikusgai izan da, Hego Euskal Herriko lau probintzietan zehar sakabanaturik. Berriatua, Ondarru, Gasteiz, Aretxabaleta, Arrasate, Gernika, Etxarri-Aranatz, Donostia, Ataun, Otxandio, Eibar, Lemoa, Igeldo, Gabiria edo Erronkari bezalako udalerrietan proiektatu da besteak beste.

Dokumental honek Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu. Nondik dator irrintzia? Nola deitzen zaio Nafarroako mendietan, Gipuzkoako bailaretan edota Bizkaiko kostaldean? Zein da soinu miresgarri honen arrazoi zientifikoa?

2020an estatu mailako hedapena izango du ERRAIAKek, besteak beste Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako Zinemaldian proiektatuko delarik. Horrez gain, Espainian zehar dauden zinema jaialdi ezberdinetara aurkeztuko da dokumentala. Gainera, Erraiak euskal kulturaren erakusletzat dugun honetan, etorkizunerako helburu garrantzitsua izango da gure mugetatik kanpora hedatzea, nazioarteko zinema jaialdi zirkuituan sartuz. Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumental bakarra dugu hau, euskara hutsean grabatutakoa. Euskal kulturaren sakontze ariketa paregabea. Hurbildu eta goza ezazue!

Bestalde, dokumentalaren kontratazioa egiteko aukera ere irekia dago, udal eta kultur elkarte baten kide bazara, dokumentala zure herrira eramateko aukera duzu. Informazio gehiago ekainmtzdelizarduy@gmail.com helbidean.