Ekintzailetasun eta finantzazioari buruzko ezagutza partekatu dugu

Enpresarean Azoka Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak bi urtean behin antolatutako jardunaldia da, eta bere helburua da euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalen saretze eta elkarlana sustatzea. Arteman, Bai Euskarariren bidelaguna izanik, azaroan Orona Galleryn (Hernani) ospatutako jardunaldiaren koordinatzaile eta kudeatzaile izan gara.

Orain dela lau urte hasi ginen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin lanean eta geroztik komunikazio zerbitzuak eskaini eta Enpresarean Azoka bezalako ekitaldi ugariren antolaketan parte hartu dugu, besteak beste, Lazarraga Sariak, Bai Euskarari Sariak, Enpresarean Foroa…

Aurtengo Enpresarean Azokaren hirugarren edizioa guretzat ere berezia izan dela nabarmendu nahiko genuke, izan ere, ekitaldi antolakuntzaren prozesua hasieratik bukaerara bizi dugu eta emaitza onak ospatu ditugu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin batera.

Produkzio lanetan barneratu gara, ekitaldiaren egitaraua osatuz; profesional erreferenteekin izan gara, adibidez, Mikel Orobengoa (BAC Mondragon), Paul Liceaga (Adegi), Xabier Egibar (Laboral Kutxa), Markel Irizar (Bizipoz) eta Eneko Knörr inbertsorearekin. Asko ikasi dugu guztion ekarpenetatik. Gainera, hauetako batzuk elkarrizketatzeko aukera ere izan dugu, ondoren, Bai Euskarari aldizkarian argitaratzeko.

Horretaz gain, diseinu eta areto apaintze lanak ere egin ditugu: Orona Gallery espazioa profesionalen arteko topagune bilakatu genuen, Bai Euskarari irudia ardatz bezala harturik.

Nola ez, hedapen lana sakona izan zen: agerpenak egon ziren hainbat hedabidetan (Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Gara, Berria…), papereko publizitatea kontratatu genuen eta sare sozialetan ere kanpaina bat martxan jarri genuen. Oihartzun handia lortu zuen ekitaldiak eta azaroaren 3an aretoa beterik ikusi genuen.

Enpresarean Azoka 2016

Nabarmena izan zen ere ekitaldi osoa streaming bidez emititu genuela Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen kanalean eta Enpresarean azokan ekitaldia zuzenean ikusteko orrialde bat prestatu genuela. Ez genuen inor kanpoan utzi nahi izan. Aurtengo edizioan ekintzailetaz eta finantzazioaz zabal hausnartu da eta jakintza oso interesgarria partekatu da. Guk informazio hori guztia bideo-kapsulatan banatu eta Bai Euskarariren Enpresarean atarian ikusgai jarri dugu edozeinek kontsulta dezan.

Hemen duzue Enpresarean Azokako argazki galeria osoa ikusgai.