EMEZTIM, STEM ikasketak bultzatzeko eta estereotipo-oztopoak gainditzeko lehen chatbot-a

Ezagutza eta teknologian oinarritutako ekonomia globalizatu batean lehiakor izateko ezinbestekoa da STEM ikasketa eta lanbideak lehentasun bihurtzea.

Herrialdeen garapen egoki bat ziurtatzeko etorkizunean beharrezko izango diren lanbideen inguruan egin diren ikerketa guztiek diote STEM lanbideak hazkunde handi bat jasango dutela. Espainian, esaterako, Randstad Research-ek aurreikusten du 2022rako 390.000 STEM postu eta 168.000 zeharkako lanpostu sortuko direla. 

Bitxia bada ere, enpresen behar hauek ez datoz STEM ikasketak jasaten ari diren beherantzko tendentziarekin. Duten garrantzia kontutan izanda ere, STEM bokazioak urriak dira eta are urriagoak emakumeen artean. Emakumeek STEM lanpostuen %25a baino gutxiago betetzen dute.

Mundua teknologikoki aurrerantz doa, pentsatzen duguna baino azkarrago gainera. Etorkizunean gure enpresek eta gure gizarteak izango duen lehiakortasuna profil digital, zientifiko eta teknologikoak betetzeko izango dugun gaitasunaren araberakoa izango da. Horregatik, ezinbestekoa da STEM bokazioak sustatzea, batez ere emakumeen artean, 4.0 talentua bultatzeko eta STEM alorrean generorik gabeko lidergotza sustatzeko. 

Artemanen dugun lidergotza eredua horietako da, generorik gabekoa, bitariko zuzendaritza bait da gurea. Kooperatibaren lehendakaria ere emakumea dugu. Zentzu horretan, emakume zein gizonezko liderren ikuspegia partekatzen dugu.

Eta jakin badakigu, bizi garen gizartean, asko dugula hobetzeko eta lan egiteko. Baina eragin nahi dugu. Hortan dihardugu, azken bi harmarkadetan, besteak beste Debagoieneko eta Euskal Herriko industria sare garrantzitsuari erantzuten. Argi ikusten dugu gure enpresa lehiakorrak izaten jarraitzeko gakoetako bat dela etorkizunerako 4.0 talentua gugandik gertu izatea eta gazteak berdintasunean heztea.

 

Berrikuntza da oraina eta etorkizuna

Digitalizazioa, chatbotak eta hezkuntzaren eraldaketaren erdigunean sartzen dugu EMEZTIM. Ez da lehen aldia teknologia berriekin esperimentatzen dugula. Ez da lehen aldia gazteei zuzendutako edukiak sortzen ditugula. Ez da lehen aldia gure inguruko gizartean eragiteko konpromisoa erakusten dugula. Eta ez da lehen aldia lankidetzan jarduten dugula. Baina estrainekoz abiatu dugu STEM ikasgaiak sustatzeko lehen chatbot elebiduna. Ezina ekinez egina. Lortu dugu emakumeen gaitasunen inguruan dauden estereotipoak hautsi eta gipuzkoako neska eta gazteen artean STEM ikasketak sustatzera orientatuta dagoen metodologia berritzailea sortzea

Bide luzea izan da (urte t’erdi hasi ginela proiektua lantzen) baina prozesu guztian zehar bidelagun izan ditugu ISEA, MONDRAGON Korporazioaren Garapen Teknologiko, Berrikuntza eta Ekintzailetza zentroa eta FULSION enpresa. Arizmendi Ikastola, Kurtzebarri Eskola eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere sinistu zuen hasierako ideian eta, horiek ere, ezinbestez, aipatu behar ditugu. Guztioi, eskerrik asko!

EMEZTIM

Baina bide luzeak bere ordainsaria ere izan du eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak elkarlanean antolatzen dituzten “STEAM Euskadi Sarietan” EMEZTIM proiektuari STEAM Euskadi zigilua aitortu zaio Euskadin STEAM Hezkuntza sustatzeagatik eta STEAM Euskadi Estrategiaren helburuetara bideratuta egoteagatik. Eskerrik asko!

Gazteekin konexio berezia

EMEZTIM proiektuak bere estrategia azken teknologietan oinarritzen du; multimedia, chatbota eta mezularitza kanalak, horrela eduki interaktibo eta motibatzaileak sortzeko. 11-13 urte arteko gazteei bideratuta dago garai horretan hasten bait dira gazteak beraien gustuak eta izaerak definitzen. Nahiz eta neskak orokorrean matematika edo zientziatan mutilak bezain besteko trebetasuna erakutsi, adin tarte horretan zalantzak eta ziurgabetasunak azaltzen dira. EMEZTIM jolasaren bidez estereotipoei buruz hausnartu, historiako emakume zientzilariak eta gertuko emakumezko erreferenteak ezagutzeko aukera izango dute eta, gainera, etorkizuneko lanbide aukeren inguruan orientazioa jaso. Gazteak inspiratzen eta ahalduntzen saiatu gara! Lortuko dugu? Hori, datozen urteotan jakingo dugu :-))  

Momentuz dakiguna da, EMEZTIM chatbota probatu duten gazteek (eta irakasleek) begi onez ikusi dutela proiektua. Interesgarria egin zaie eta ikasteko metodologia berritzailea gustatu zaie. Dibertitu egin dira, zientziari buruz ikasi dutela aipatu digute eta interes handiz kontsumitu dituzte (lau fasetan banatuta) 300 minutu irauten duten eduki interaktiboak. 

Urriaren 28an aurkeztu zen ofizialki proiektua eta webgunea ikusgai dago jada https://www.emeztim.eus helbidean. Chatbota probatzeko aukera ere badago… Animatu zaitezte!