Latinoamerika, Europa eta AEB-n hainbat sari jaso ditu ERRAIAK dokumentalak

2019 urtean 4.000 ikusletik gora izan zituen ERRAIAK dokumentalak , Euskal Herrian zehar eskainitako 35 emanaldi inguruak aintzat hartuta. Errekor urtea izan zen, eta hau hobetzea zaila bazirudien ere, 2020a dokumentalaren ibilbidearentzat beste urte gogoangarri baten traza hartzen ari da.

Jaialdi bira hasi zuen Erraiak-ek urtea hastearekin batera. Irrintziaren historia han-hemenka zabaldu da, mundu osoan zehar, eta 2018an Ekain Martinez de Lizarduyk eta Artemanek egindako elkarlanak merezitako frutuak jaso ditu.

Gauzak horrela, abuztuan “Montevideo World Film Festival”ean dokumental onenaren saria jaso zuen ERRAIAK-ek, eta Venezuelako “Five Continents International Film Festival”eko sail ofizialean ere lehiatu. Lationamerikaz gain Europan eta AEB-n ere sariak jaso ditu ikus-entzunezkoak, izan ere dokumental onenaren saria jaso du “Rome International Movie Awards” festibalean  eta Los Angeleseko “Independent Documentary Film Festival The Legendary” festibalean, baita ikusleen saria ere.

Guzti honetaz gain, beste ate bat ere ireki du dokumentalak, ekainetik hona interneteko Filmin plataforman ikusgai baitago, nahi duen edonork hura ikusteko aukera duelarik.

Argi dago irrintzi egiteko sobera arrazoi ari zaizkigula ematen ERRAIAK, eta horrela jarraituko dugu, gu berezi egiten gaituen zerbait munduan zehar hedatzea gauza zoragarria delako.