Euskaraz, balioa erantsi lanari!

Euskaraz, balioa erantsi lanari!

“Euskaraz, balioa erantsi lanari!” lelopean, Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea du helburu “LH Duala Euskaraz” egitasmoak.

Gipuzkoan, egun, 2.700 lantoki baino gehiagotan egiten da Lanbide Heziketa Duala euskaraz eta komunitate handi horri ikusgarritasuna ematea izan da Artemanek Laneki Elkartearen eskutik, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritzapean, jasotako enkargua. 2021eko ekainetik aurtengo otsailera bitartean hainbat eta hainbat izan dira sorturiko komunikazio euskarriak eta sustapen estrategiak. Komunikazio proiektu integrala izan da garatu duguna.

Marka propioa sortu da, Lantokiko Prestakuntza eta Lanbide Heziketa Duala euskaraz burutzeko hautuari nortasun propioa emateko: EUS laburdurarekin euskara nabarmentzen duen zigilu itxurazko irudi berria.  Pasa den urteko ekainean aurkeztu zen marka eta berebiziko garrantzia izan du egitasmo osoan. 

lhdualaeuskaraz.eus webgunea izan da estrategia digital guztia bideratzeko oinarria. Webgunea bi hizkuntzatan garatu da eta bertan ikasle, lantoki eta ikastetxeentzat interesgarri den edukia aurki daiteke: autodiagnostikorako galdetegia, lantoki laguntzaileen gida, etab.

Besteren artean sare sozialetarako edukien sorkuntza eta kudeaketa, buletin digitalen bidalketa, publizitate kanpainak, gazteei zuzendutako lehiaketa ezberdinen dinamizazioa eta kanpo publizitatea bideratu ditugu, Euskarazko Lanbide Heziketa Dualari dagokion presentzia, garrantzia eta ikusgarritasuna emateko.

“LH DuaLa Euskaraz” aitortza ekitaldiarekin amaitu da ia urtebete dela hasitako erronka. 2022ko otsailaren 18an, Bergarako Miguel Altuna LHII institutuan, Euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean erreferente diren Gipuzkoako lantoki eta Lanbide Heziketako ikastetxe eta ikasleei beraien jarduna aitortu zitzaien. Aitortza ekitaldi guztiaren diseinua, antolaketa, zuzeneko emisioa, gondibapenen prestaketa, bideo pilulak, argazkilaritza lanak eta bideo laburpenaren sorkuntza ere barne hartu ditugu komunikazio proiektu integral hau bideratzeko.

Euskal industria-egitura sendo, lehiakor eta berritzailea izateko, berrikuntzan, etengabeko hobekuntzan eta eleaniztasunean oinarritutako prestakuntzaren eta lanaren alde dihardute ehundaka lantokik eta erakundek. Arteman ere bada komunitate horretako partaide eta oso eskertuta gaude sormenerako emandako aukeragatik. Mila esker, Laneki!