Gero arte Gailurra Extreme

Gorka Etxabe/

Amaitu da Gailurra Extreme! Bukatu dira Ibon Gaztañazpiren mutur-muturreko abenturak ETB1en. Agur esan diogu Irati Anda atseginari, naiz eta jakin badakigu Irati laster ikusiko dugula berriz ere, Andoni Aizpururekin gailurrez gailur, Euskal Herria zeharkatzen. Extreme formatuak hasiera hasieratik harrapatu ninduen. Familian ikusteko saio aproposa iruditu zitzaidan. Kirolaren balioak sustatzeaz gain, herri baten kultura transmititzeko gai izan delako. Esfortzua, elkartasuna, talde lana… asko izan dira saioak transmititutako balioak. Oro har, gustura jarraitu ditut Gaztañazpi eta gainerakoen abenturak. Eta bereziki gustura egin dut barre Gaztañazpiren burugogorkeria eta jenioarekin. Noizbait gehiegizkoa iruditu bazait ere, agian antzezle moduan ere etorkizuna izan dezake gure Ibonek (kiroltasunez har ezazu, Ibon).

Programa asko ez dira izan, eta horietatik gogoan ditut dezente: Bilbotik Gasteizera 110 kmko ibilbide luzea etenik gabe, Igoera bertikala Beriainera, Tolosako tontorretan zehar 26 km korrika, Jaizkibel inguruko Talaia bidetik Joseba Llorente eta Koikili futbolariekin, korrika txakurrek tiraka… Asko izan dira egoera eta desafioak, eta ikusgarriak gehienetan irudiak. Azken saioa oraingo astean ikusi dut eta jakin dut programaren ibilbidearen amaieran nengoela. Aitortzen atalean kameralariak izan dituzte gogoan, aholkulari tekniko eta medikuak, kameraren beste aldean dauden guztiak, eta egia esan, nik ere aitortu nahi dut horiek guztiek eginiko lana. Itzela izan da zuen lana! Irudi ikusgarriak grabatzeaz gain sasoi bikainean zaudetela erakutsi duzue. Gure etxean begiak zabal zabalik ikusi ditugu programa gehienak. Aireko zein lurreko irudiak, erritmo bizia, komentario umoretsuak, desafioa, marka eta errekorrak…

Dronea erabiltzeko baimena nola kudeatu duzue?

Hori bai, nik ere ikus-entzunezkoen arloan lan egiten dudanez, badut galdera bat ekoizleentzat. Dronearekin aireko hiri barruko irudiak grabatzeko baimena nola kudeatu duzue? Guk ere aireko irudiak grabatzen ditugu eta badakigu zein zaila den gaur egun era horretako irudiak grabatzea hiri guneetan eta aireportuetatik gertu. Eskertuko nizueke erantzuna. Ah, eta mesedez, datorren denboraldian ere itzuli Gailurra Extreme saioarekin. Eskertuko dizuegu.