Kaixo, telebista!

Eider Garcia/

Zer moduz zabiltza?

Aspaldi honetan aisialdirako denbora oso gutxi daukat baina ateratzen dut tartetxoren bat nire sare sozialak ikuskatzeko eta horietan egunero dute berbagai Selena Gomezek ekoiztutako Thirteen Reasons Why telesail estatubatuarra. Twitter, Instagram, Facebook, YouTube… guztiak ari dira horretaz: telesail horri buruzko iritzi liluragarriak eta beste batzuk ez hain liluragarriak, Dylan Minnetteren argazkiak, memeak… Eta badakizu zer den iritzi guzti horietatik nire arreta gehien deitzen duena? Jendeak askotan aipatzen duen “Telesail osoa bi arratsaldetan ikusi nuen” irakurtzeak.

Bai, telesail hori bakarrik Netflix-en ematen dutelako. Ezagutzen duzu Netflix? Ziur baietz. Merkatuan dauden telesail eta film ia guztiak nahi duzunean, nahi duzun lekuan eta nahi beste kapitulu ikusteko aukera ematen dizun online plataforma da. Gainera, eduki propioa ere sortzen du (Thirteen Reasons Why, kasu) eta ez du iragarkietarako etenik egiten. Sinistu dezakezu, telebista? Iragarki gabe! Bai, Netflix ordaindutako plataforma da, baina bere Premium aukerak hilabeteko 12 euroko kostua du, eta zuk hilabeteko 10 euro eskatzen dizkidazu MotoGP eta Formula1en kanala bakarrik ikustearen truke. Horrela ikusita, ez dago batere gaizki.

Hara, telebista, badakit hau esatea ez dela erraza, baina aldatu beharrean nago. Zurekin jarraitzen badut uneoro zuk erabakiko duzu zer ordutan ikusi behar dudan gauza bakoitza, zurea izango da betirako boterea. Zenbat aldiz gelditu naiz film osoa ikusi gabe beranduegi bukatzen zelako? Eta zenbat alditan ikusi dut Krusty Penelope printzesaz maitemintzen den Los Simpson-eko kapitulua? Zein da arrazoia ikusi nahi ditudan filmak beti astelehen eta astearte gauetan hamarretatik aurrera emateko? Zergatik ez, larunbat edo igande arratsaldetan? A, jakina, egun eta ordu horiek Crocopirañas, Sharknado eta aintziretako filmak proiektatzeko dira.

Baina, horretaz gain, iragarkiak ere badaude. Pentsa, Atun Claro Calvoren iragarkiko hitzak buruz ikasi nituen-eta: “Sacatán Sacatún tam tam tam que summun pen que tum pan que tepetepetam to que summun que tum, uha!”. Eta jada ziur nago ni sufriaraztea gustuko duzula: 7 minutuko iragarkien tarte bukaezinetik bueltan nire ilusio guztiak zapuzten dituzu telesailaren 30 segundu eskaini eta berriro iragarkietara joaten zarenean. Niri halakoak egiten dibertitzen zara? Ba ni ez.

Horregatik guztiagatik, telebista, agurtu behar zaitut. Badakit nik emandako arrazoi berdinengatik jende gehiagok utzi zaituela. Horregatik, gonbidapena egiten dizut berritu zaitezen, look aldaketa bat egin dezazun, modernizatu. Aldatzen ez bazara, zure akabera oso hurbil dagoelako; Internetek askoz gehiago eskaintzen dit.

Egunen batean aldatzeko hautua egiten baduzu, deitu nazazu. Nire zenbakia badaukazu.