Dronen abantailak eta legedia

[vc_row padding=”default-padding” bg_attachment=”scroll”][vc_column el_class=”col-md-8 col-md-offset-2″][az_column_text]

Dronen abantailak eta legedia

Josu Txintxurreta/

Arteman Komunikazioan urte asko daramatzagu aireko irudiak grabatzen eta lantzen. Aitzindariak izan gara gure inguruan. Gerora, eskaintza biderkatu egin da eta, horren ondorioz, azken urteotan Espainiako Estatuan dronen inguruko legedia asko gogortu da. Legea estua da eta bete beharreko baldintzak asko.

Hain zuzen ere, droneak profesionalki eta etekin ekonomikoa ateratzeko erabiliz gero, honako baldintzak bete behar dira derrigorrez, Artemaneko pilotuok betetzen ditugunak:

  • Enpresak AESAn izena eman behar du.
  • Aireko ontzientzat aseguru berezitua kontratatu behar da.
  • Gidariek dronen pilotu ikastaroa egin behar dute.
  • Mediku egiaztagiria indarrean izan behar da.

Artemanen AESAk baimendutako bi operadore ofizial ditugu, baina hala ere ezin daiteke edozein aire filmazio egin:

  • Ezin da herri barruan operatu.
  • Pertsona multzoen gainean ezin da aireratu.
  • Ezin da gauez aireratu.
  • Ezin da aireratu aireportu eta aerodromoen inguruan.
  • Ezin dira hirugarren pertsonak arriskuan jarri.

Halako baldintzaren bat betetzen ez bada, salaketarik egonez gero, isun gogorrak ordaindu beharko dira.

Artemanen legediak ezarritako baldintza eta muga horiek guztiak kontuan hartuta lan egiten dugu beti eta emaitza ederrak lortzen ditugu.

New Yorkeko drone zinemaldia

Horrez gain, hemendik kanpo ere zer egiten duten ikustea gustatzen zaigu. New York hiriko drone zinemaldia (#NYCDFF) munduko ospetsuena da. Zinemaldi aitzindari hau 2014an lehenengoz ospatu zenetik aurkeztutako bideoen kalitateak gora egin du. Munduko txoko guztietatik bidali daitezke drone irudiekin eginiko lanak, eta han saririk eskuratuz gero nazioarteko onespena jasotzen da. Baina ez da jaialdi bakarra: joan den urtean, adibidez, Madrilen ospatu zen lehenengo aldiz drone festibal bat. Eta azken bi urteotan baita Burdeosen, Londresen, Belgikan, Kaliforniakoa… Bitxikeri gisa, badago drone festibal bat kotxe marka batek  antolatzen duena: Peugeot drone film festival, hain zuzen ere.

Ilko Iliev bulgariarrak Mixed Motion Project kategorian aurkeztu duen bideoa benetan harrigarria da, bertigoa sortzen du une askotan, Parkour egiten duen tipo baten jarraipena da, rapelatzen, eski akuatikoa praktikatzen, igeriketan; bideojoko baten barruan sartzen da. Ideia benetan originala da.

Paisaia kategoriako lan irabazlea, “Australia” deiturikoa, ere zoragarria da, oso zinematikoa, bai irudien kalitateagatik bai postprodukzioan erabili dituen teknika bereziengatik.

Ezin dut artikulu honetan aipatu gabe utzi Lucas Zanotto norvegiarrak aurkeztu duen lana, Arkitektura kategoria irabazi duena. Kamera drone gainean jarrita lortutako azpitik gorako irudiak ikusgarriak dira.

Bideoez gain ere argazki kategoria bat badago. Aurtengo saria Wellington Rodrigues alemaniarrak eskuratu du ‘Sea and salt’ lanarekin. Ez dakit non egin zuen argazkia, baina benetan ederra da.

 

Drone gero eta txikiagoak

Droneak hegazkin batek izan ditzakeen teknologiak bateratzen ditu “gorputz” txiki batean. Honi kamera gehituta ikus-entzunezko tresna oso erabilgarri bat lortzen da. Zentzu horretan aireko irudiak lortzea demokratizatu egin dela esan dezakegu. Nahi duenaren esku dago gaur egun. Honi gailuen prezioen jaitsierak eta momentu honetan duten irisgarritasuna kontutan izanda, gero eta gehiago dira dronearekin bideoak grabatzera animatzen direnak. Horren adibide aste honetan DJIk aurkeztu duen drone berria, Spark deiturikoa. Edonork erabili dezake drone hau, eta gainera prezio eskuragarria dau jende askorentzat. Eskuan sartzen den drone txikia, publiko orokorrari zuzendua. Mugikorren munduaz alderatuz gero, iphone bat bezalakoa litzateke.. Honek droneen masifikazioa ekar lezake.

Gailua edozeinen esku dago, baina sormena ez. Lehiaketa batera aurkezteko ez du edozer gauzak balio; hor dago gakoa. Zinemagileak ikuspuntu berri bat eman behar dio bere lanari. Istorio bat kontatu behar dute jasotako irudiek.

[/az_column_text][/vc_column][/vc_row]