Sormena bota behar izan diogu, dosi handietan gainera!

Sormena bota behar izan diogu, dosi handietan gainera!

Sormena da Euspot lehiaketaren helburuetako bat. Orain bederatzi urte euskarazko publizitatearen lehiaketa abian jartzea erabaki genuenean, bi hitz gako gorriz markatu genituen. Fokoa argi ikusi genuen eta helburuak marraztu genituen: sormena eta euskara. Koktel bikaina. Eta aurten, inoiz baino indar gehiago hartu du lehenak bigarrenaren aurrean. Euskaraz sustatzearen kontua beti izango da helburu nagusia, baina aurten ‘sormena bota behar izan diogu’ lehiaketari; dosi handietan gainera. Lehiakideak oso baldintzatuta egon dira, antolatzaileek ere oso baldintzatuta bizi izan dugu egoera, eta hala ere, Euspotek sekulako fideltasun maila erakutsi du. Guztira 51 lan aurkeztu baitira. Arteman Komunikazioak, Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako Udalak eta Arizmendi Ikastolak aurten erronka bikoitza izan dugu. Edo hirukoitza. Agian laukoitza. Ez da samurra egoera berezian, Salbuespen larrian, Alarma bizian, biztanlegoa etxean konfinaturik egonda, horrelako lehiaketa bat abiaraztea, garatzea eta arrakasta maila altua lortzea. Beraz, pozik egon gaitezke. Pozik antolatzaile taldeko kide guztiak. Egindako lanak emaitzak eman baititu. Eta pozik parte-hartzaileak eta bereziki irabazleak. Aurten 2.550,00 euro banatu baitira, eta jaso baitituzte sortzen jarraitzeko. Euskaraz noski! Arteman Komunikazioa osatzen dugun guzti guztion partetik, eskerrik asko denoi! Zuen fideltasun eta konpromisoak hunkitzen gaitu!