Zure artxiboa, esku onetan
Gure taldeak zure proiektuko materialak arretaz gordeko ditu, behar dituzunean eskuragarri izan ditzazun. Horretarako, industriaren estandarrak betetzen dituzten kopia egiaztatuak erabiltzen ditugu.
Berrerabiltzeko pentsatua
Proiektu baten atzean lan handia dago. Material hori ongi gordetzea, etorkizunean eskain ditzakeen aukerak zaintzea da. Gure helburua biharko proiektuei forma emateko bidea erraztea da.
Ondo gordetzea ere artea baita
Ikus-entzunezko fitxategiek leku handia hartzen dute, eta horiek behar bezala kontserbatzeak baliabideak eskatzen ditu: ekipoak, espazioa, energia, egiaztapenak eta lan orduak. Horregatik, artxiboa gure aurrekontuetan partida propioa duen zerbitzua da. Materiala prestatzen dugu, kopiak egiaztatzen ditugu eta bakoitza non dagoen zehatz-mehatz erregistratzen dugu.
Inoiz ez dizugu esango materiala "disko batean egongo dela uste dugunik". Fitxategien ibilbide osoa trazatzen dugu, proiektu bakoitzeko sortzen ditugun bi kopietan.
Kopia bat, eskura
Proiektua gure biltegiratze-sistema profesionalean gordeko dugu (300 TB-tik gorako edukiera duen Artemaneko NAS sisteman). Liburutegi digital bat balitz bezala funtzionatzen du: materiala ongi identifikatuta eta eskuragarri geratuko da, modu kontrolatuan eta ia berehala berreskuratu ahal izateko.
Beste bat, lineaz kanpo
Bigarren kopia LTO-9 artxibo-zinta profesional batean egingo dugu. Bai, zinta batean. Hodeiak baino glamour gutxiago izan dezake, baina berebiziko garrantzia du. Erabiltzen ez denean deskonektatuta egoten da, eta suaren aurkako kaxa batean gordetzen da, giltzapean, sarbide mugatuarekin eta kopia nagusitik bereizitako espazio batean.
Kopiak egiaztatu eta pauso bakoitza erregistratzen dugu. Artxibatze-prozesua zintako kopia ere egiaztatu dugunean bakarrik emango dugu ontzat.
Lehenik abisatu, ondoren gorde
Ezer gorde aurretik, proiektua entregatutzat ematen dugula eta artxiboa prestatuko dugula jakinarazteko idatziko dizugu. Zerbait falta da egiteko? Esaiguzu epea amaitu baino lehen, eta konponduko dugu.
Ondoren, artxiboa@arteman.eus helbidetik jakinarazpenak jasoko dituzu: lehenengoa, gure NAS sisteman kopia egiaztatzean (orduan hasiko dira 24 hilabeteak kontatzen); eta bigarrena, zintako kopia osatzean. Bigarren abisu honek ez du iraungitze-data aldatzen. Artxiboa hasierako aurrekontuan sartu zein geroago kontratatu, epea NASeko kopia egiaztatzen den unetik hasiko da.
Zure proiekturako lekua
Lehenengo artxiboak* 220 €-ko kostua du 500 GB-ko bloke bakoitzeko, eta 24 hilabeteko epea hartzen du (irekiera-kuotarik gabe). Proiektu bakoitza bereizita kalkulatzen dugu, gutxienez bloke bat esleituz eta gorantz biribilduz. Bi kopia izateak ez du esan nahi ordaintzen duzuna bikoizten denik.
Adibidez: 800 GB-ko proiektu batek bi bloke hartzen ditu (440 €); 1,6 TB-ko batek, lau bloke (880 €). Prezio hauek BEZik gabe daude. Zure aurrekontuan agertzen den tarifa finkoa izango da; proposamen berrien prezioak, aldiz, alda daitezke. Zure proiektuak leku askoz gehiago behar al du? Hitz egin dezagun. Bolumen handietarako proposamen pertsonalizatua presta dezakegu, baldintzak hasieratik argi utzita.
*Nazioarteko memoria krisia dela eta hilabetero alda daitezkeen tarifak. Hasierako aurrekontuan emandako prezioari eutsiko diogu.
Tamaina aldatzen bada, hitz egingo dugu
Hasierako aurrekontuan kalkulu estimatu bat egiten dugu, eta amaitzean, behin betiko paketea neurtzen dugu. Bloke gutxiago behar badira, gutxiago ordainduko duzu eta sobera kobratutakoa itzuliko dizugu. Leku gehiago behar badu, aldiz, aurrekontu berria aurkeztuko dizugu zerbitzua aktibatu aurretik.
Zuk erabakiko duzu igoera hori onartzen duzun ala ez. Artxiboa ez kontratatzea nahiago baduzu, partida hori bertan behera utziko dugu eta ordaindutako guztia osorik itzuliko dizugu (prestaketa edo irekiera gastuak deskontatu gabe). Oraindik ordaindu ez bazenuen, besterik gabe ezeztatu egingo dugu. Proiektuaren gainerakoak berdin jarraituko du.
Materiala berreskuratzea, abiapuntu berria
Artxiboa aktibo dagoen bitartean, Artemanekin berriro lan egiteko beharrezkoa den ohiko berreskurapen teknikoa barne dago. Edizio, egokitzapen edo sorkuntza-lan berriak bereizita aurrekontatuko dira.
Zure taldearekin edo kanpoko agente batekin lan egin behar duzu? Entregatzeko materialak prestatzeko eska diezagukezu. Aukeraketa, prestaketa eta entregaren aurrekontua egingo dugu, irudien berezko balioagatik ezer gehigarririk kobratu gabe. Proiektu editagarriak Artemanen geratuko dira, eta irudi-eskubideen zein erabileraren erantzukizuna zurea izango da.
Bi urteren buruan, berriro hitz egingo dugu
23. hilabetean, artxiboa beste 24 hilabetez luzatzeko proposamena bidaliko dizugu. Egungo erreferentzia-tarifa** 100 €-koa da proiektuko (kudeaketa eta berrikuspen teknikoagatik), gehi 55 € 500 GB-ko bloke bakoitzeko (BEZik gabe).
Berritzeko proposamena bidaltzen dizugun unean indarrean dauden tarifekin kalkulatuko da guztia. Onartzen baduzu, tarifa horiek finko mantenduko dira aldi berrian. Zure aldetik ez badugu baiezkorik jasotzen, zerbitzua ez da automatikoki berrituko, eta ez dugu hilabetez hilabete bertan behera utz daitekeen kontrataziorik eskaintzen.
**Aldaketak jasan ditzaketen tarifak. Berritzeko prezioa zerbitzua aktibatu edo berritu zenetik 23. hilabetean indarrean dagoena izango da.
Berritzen ez baduzu, artxiboa itxiko dugu
Zerbitzua amaitu baino lehen abisatuko dizugu. Ez berritzea erabakitzen baduzu, 15 eguneko epea izango duzu, epemugatik hasita, materialen prestaketa eta entrega eskatzeko (epemuga zehatza e-postaz jakinaraziko dizugu).
Epe hori pasatakoan, artxiboa gure euskarrietatik ezabatuko dugu. Ez da kopiarik geratuko aurrerago berreskuratu ahal izateko. Garaiz eskatutako entrega bat badago, aurrekontua eta egutegia adostuko ditugu materiala ezabatu aurretik.
Babes handiagoa behar baduzu
Zero arriskua ez da existitzen. Euskarri ezberdinetan egiaztatutako bi kopiek arriskuak izugarri murrizten dituzte, baina ez dituzte erabat ezabatzen. Zure proiektuak hirugarren kopia bat behar badu, hodeian edo adostutako beste leku batean presta dezakegu. Hori bereizita aurrekontatuko dugu, zerbitzuaren, transferentziaren, berreskuratzeko kostuen eta indarrean dauden tarifen arabera.
Hitz egin dezagun
Proiektu bat gordetzeko ez da hiztegi tekniko korapilatsurik ikasi behar. Esaiguzu zer behar duzun, eta guk aukerak argi eta garbi azalduko dizkizugu.