Komunikazioaren Artisauak

eues

Gabonetako klasikoak eta formula magikoak

Arantzazu Lagunilla/

Gabonak gainean ditugu. Kaleak apaingarriz argiztatua, erakusleiho dotoreak, gaztain usaina, eguraldi kaxkarra… urtero, sasoi honetako klasikoak dira hauek. Eta beste klasiko bat, ezin ukatu, Gabonetako Loteriaren Iragarkia.

Aitortu behar dut oraindik ez dudala oso-osorik ikusi; badakit zurrunbiloa sortarazi duela (noiz ez?) eta sare-sozialetan bueltaka ari dela. Inguruan kritiko asko ditut, eta horiei iragarkia ez zaie batere gustatu; beste batzuk, ordea, amamaren istorioarekin hunkitu egin dira. Iritzi kontrajarriak, beste behin, baina oraindik Gabon Loteriaren iragarkia inguruan mintzagai. Bizirik mantentzen denaren seinale!

Iragarkia ez ikusi izana apropos izan da. Ez zait pare-parean tokatu, ikusteak ez dit ilusio berezirik egiten eta gainera, ez diot kritikari denborarik eskaini nahi. Hori bai, Gabon Loteriarako ilusioa daukat eta aurten tokatuz gero datorren urteko iragarkia ikusiko dudala hitz ematen dut!

gabonakGabon osteko beste klasiko bat da, Gabon ostean, erronka ezberdinekin hastea; ohikoenak, kirola egitea, erretzeari uztea, hizkuntzak ikastea, bidaiatzea, pisua galtzea… Azken honetarako “formula magikoa” omen da MyFitnessPal izeneko aplikazioa. Milaka pertsonek argaldu dute kaloriak kontatzen dituen sakelako aplikazio honekin. Zin egiten dut!

Telefonoan deskargatuta daukagun MyFitnessPal aplikazioa zabaldu eta egunero kontsumitzen ditugun kaloria guztiak kontrolatuta izango ditugu. Oso modu errazean sartzen da informazioa kontrolerako planean. Zein datu sartu behar ditugun? Jaten dugun elikagaien zerrenda, egiten dugun kirolaren erreferentzia eta edaten dugun ur kopurua.

Dietekin hasi berria baldin bazara, MyFitnessPal aplikazioak denbora jakin batean gramo edo kiloak jaisten lagunduko dizu. Horretarako zure gorputzari buruzko oinarrizko datu batzuk sartu beharko dituzu, horien artean, altura eta pisua. Horrela, pisua jaisteko kontsumitu behar duzun kaloria kantitatea definituko dizu aplikazioak. Baina pisua igo edo mantendu nahi baduzu ere, aplikazioak kaloria kantitatearen arabera hori lortzen lagunduko dizu.

Baina horrez gain, MyFitnessPal-ek janari katalogo zabala dauka, ez dago bere entziklopedia handian azaltzen ez den janaririk. Jandako janari horren izena sartu eta aplikazioak egunean kontsumitu beharreko kaloriei janari horren kaloriak kenduko dizkio. Ez al da ikaragarria? Gainera, aplikazioa doakoa da, beraz aprobetxatu eta deskargatu!

Gabonetako desioak betetzen omen dira. Ni baditut pare bat fitxatuta!

Share on FacebookEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+