‘Txantxiku Ikastola, 50 salto… eta gehiago’ liburua

Iker Barandiaran/

Oñatiko Txantxiku Ikastolak 50 urte bete ditu aurten eta iaz hezkuntza proiektuko arduradunek Artemanera jo zuten urteurrena borobiltzeko laguntza eske. Kilometroak 2017 antolatzeko ardura ere bazuten eta, lanez lepo, urteurrenari ere jantzi dotorea jarri nahi zioten.

Poztu gintuen Txantxiku Ikastolak gugana jotzea, jakin badakigulako erreferentziazko Ikastola izan dela eta dela, eta gogo handiz jarri ginen beraiekin lanean. Kooperatiba izaera muturreraino eramanda lantaldean erabaki eta egiten dute guztia, eta hala jardun dugu guk ere beraien lantaldeko kide bat gehiago bihurtuta, gustura.

Beraientzat landutako lehen proiektua Ikastolaren beraren logotipo berria sortzea izan zen. Herriaren eta Ikastolaren ikono den txantxikua sinplifikatu genuen atal bakarra hartuz eta honi ukitu moderno eta irisgarriagoa gehitu genion. Gustura gelditu ziren emaitzarekin eta berorrekin hainbat aplikazio landu genituen.

Horren ostean, Ikastolaren historia eta bilakaera jasoko zuen argitalpena sortzeko ideia sortu zen. Ikus-entzunezkoetatik harago, paperean jasota nahi zituzten Oñatiko hezkuntza proiektu horretako bizipen, zailtasun eta lorpen guztiak; baita ere Ikastolaren komunitateko kide diren horien guztien etorkizunerako nahi, erronka eta ametsak.

Artemanek bide-orri bat aurkeztu zien eta Txantxikuko lantaldeak oso ondo jakin du Ikastolaren garai bakoitzerako erreferentzialak ziren pertsona ezagun eta ezezagunak detektatzen. Istorio zirraragarriak jaso ditugu, hunkigarriak, gogorrak batzutan, baina beti ere gogoz, ilusioz eta aurre egiteko nahiaz jardundakoak. Txantxiku Ikastolaren lorpenak begibistan daude.

‘Txantxiku Ikastola, 50 salto eta… gehiago’ izenpean, 134 orrialdetan batu ditugu guraso temati batzuen ekimenez Elizaren babespean Frankismoaren begi zorrotza saihesten ahalegindu eta proiektu kooperatibo eta eraikitzailea garatuz, herri oso bat batu eta lan eskerga eginez, Oñati euskaldundu eta hainbat belaunaldiri bestelako bizi-ereduak transmititzen jakin duen hezkuntza proiektua.

Eskerrik asko Txantxiku Ikastolako lantalde eta komunitateari etxe barrura sartzen utzi eta proiektu komun hauek gauzatzerakoan hainbat bizipen gurekin partekatzeagatik!