15 urte bete ditu Artemanek eta lagunartean ospatu nahi dugu

Ibilbide honetan lagun izan zareten guztiok ospakizunera gonbidatu nahi zaituztegu.
Irailaren 26an, asteazkenean, 18:00etan. Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campusean.
Izan Artemaneroa eta etorri ospakizunera!

 

 

15 urteren ondoren ‘Artemanero’ bilakatu gara

Igaro dira 15 urte GOIENAk Arteman sortu zuenetik. Ibarreko beste kooperatiba askoren historia luzea kontutan hartzen badugu, hastapenetan gaudela esan dezakegu. Bidearen laurdenera ere ez garela iritsi esan dezakegu. Gure inguruko kooperatiba eta konpainia batzuek 65 urte bete baitituzte (horietako asko gure bezero dira gaur) eta beste askok 50 urteko bidea ospatzen ari dira.

Arteman kooperatiba gaztea da, nerabea. 2011n sortu zen kooperatiba lez, izan ere, ordura arte GOIENAk bere baitan sortutako sozietate mugatua izan ginen, 2003tik 2011ra, eta komunikazio taldearen itzalean eman genituen pausurik garrantzitsuenak. Sortzez arrasatearrak eta nerabezaroan atxabaltar bilakatuak. Lokalismo horiek ez dute garrantzirik Debagoieneko mugetatik kanpo, baina gurean markatzen dute nolabait! Zorionez, bailarako ikuspegi anitzagoa eman digute.

Eta orduan ere, 2011n, GOIENA izan genuen alboan. Aldaketak egin genituen zuzendaritzan, taldearen egituran eta enpresaren estrategiak ere bide berrietatik egin zuen aurrera. Diseinu arlotik, ikus-entzunezkoetara, webgintzara, marketin arlora…

Langile-bazkideok protagonismo handiagoa hartu genuen, Artemanek merkatuan presentzia areagotu zuen, lehenengo kontu inportanteak iritsi ziren, Euskal Herri mailako bezeroak, kooperatibagintza arloko liderrak, hezkuntzan, industrian, zerbitzuetan diharduten konpainia eta marken babesa jasotzen hasi ginen. Handik eta hemendik gure markaren hedapen urteak bizi izan genituen. Intuizioz jokatu genuen askotan, eta urte oparoak izan ziren.

Ordutik hona igaro dira beste zazpi urte, eta urte horiek proiektua gero eta sendoago bilakatzeko balio izan dute. Sendotu da Arteman arlo guztietan. Sendotu ditu instalazioak, zerbitzuak, bezeroen arreta, fidelizazio estrategia, produktuak… Sendotu ditu sormena eta eskaintza berriak. Sendo ageri da gaur Arteman estiloa, gure lankideren batek esango lukeen moduan ‘Arteman style’ da gaur gure etiketa.

Urteen joan-etorriak (15 guztira) Arteman esperientziaren sakontzea ekarri du. Bulegoak bizileku bilakatu ditugu, eta eroso sentitzeaz gain eroso sentiarazi nahi ditugu gurera datozenak. Sektoreko beste enpresa batzuekin harremanak sendotzeko garaia bizi dugu, Unibertsitatera gerturatzekoa, ezagutzan sakontzekoa eta bezeroei beste inork emango ez diena emateko garaia ere badela uste dugu. Komunikazioaren artisauak garela diogu, eta Arteman hamaika arrazoiengatik berezia dela aldarrikatzen dugu. Gu Artemanero sentitzen gara eta gure bezeroak eta lagun fidelak Artemanero sentiarazi nahi ditugu.

Zin dagizuegu ez dela txarra Artemanero izatea… Dastatu guretik!