24. Korrikaren irudia euskararen herria marrazten

Euskara arnasberritzen duten herri-ekimen sozial eta kultural gutxi dira Korrika bezain indartsuak. Horregatik lasterketa erraldoi honek mezu eta irudi landu bat behar du, komunikazioa zabaldu eta eraginkorragoa izateko. Horregatik, 2024ko abenduan, Korrikaren 24. edizioari begira jarri ginen. Euskarak larrialdi linguistiko latza bizi duen garai hauetan ez da beti erraza argi izpirik ikustea. Baina, orain, inoiz baino gehiago, balioetsi beharko genuke batzen gaituena, gure artean saretuz eta indarrak biderkatuz. AEKrekin batera ko-sorkuntzan 24. Korrikarako garatutako kanpainaren kontzeptua eta irudia lantzea erronka handia da. Klika eginez hasi ginen 2019an, Hitzekinez jarraituz, Harro herri baten harrotasuna hauspotu genuen eta 2025ean, lehena, oraina eta etorkizuna batuko ditugu garena ozen aldarrikatuz.

Sormenaren eta balioaren bidegurutzea

Artemanek hartu duen erronka ez da nolanahikoa: Korrikaren balio tradizionalak (herrigintza, elkarlana, transmisioa…) errespetatuz, mezu horiek gaur egungo formatu eta tonu batera ekartzea. Kanpaina honetan hizkuntza ez da soilik ondare bat, baizik eta etorkizuneko proiektu kolektibo eta dinamiko bat. Euskarari bizia ematen dion taupada da irudikatu dugun irudia, elementu organiko bihurtuz. Irudia Euskal Herria da, euskara eta lurraldea elkarren parte direlako. Bizirik dagoen energia, korrika doana; mugimenduan dagoen herria garelako. Kolore paleta indartsuak mezua azkar eta zuzen transmititzen du. Irudiak ez du soilik lasterketa irudikatzen; mugimendua, energia eta bizitasuna transmititzen ditu, euskararen eguneroko erabileran nahi dugun energia bera.

Mezu estrategikoa: erabileraren konpromisoa

Komunikazioan, irudia baino are garrantzitsuagoa da mezuak sentsibilitate eta eraginkortasunez iristea.  Mezuen lanketa emozionala eta motibazionala izan da, euskaraz bizitzera bultzatzeko, euskara ere badelako bizitzeko era eta izateko modu bat, suaren antzekoa, beti bera eta beti berri. Mezuan ongi etorria ematen digu euskarak bere etxera, gure etxera. Mezuan pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak du garrantzia. Denok garelako euskara, milioi bat euskaldun gara baina gehiago izan nahi dugu.

Komunikazio agentziaren ekarpena balioan

Proiektu honek berresten du Euskal Herrian badugula gaitasun nahikoa gure proiektu nazional handienei, hala nola Korrikari, kalitatezko komunikazio estrategikoa eskaintzeko. Artemanek erakutsi du komunikazio agentzia bat ez dela soilik diseinatzaile edo publizista multzo bat, baizik eta herri proiektu baten arima ulertzeko eta hori bisualki itzultzeko gai den erakunde bat. Frogatu da komunikazioaren sektorea ezinbesteko eragilea dela hizkuntzaren eta kulturaren etorkizuna marrazteko.

Orain guri dagokigu, euskaltzaleoi, bideari ekitea eta egindako lana kalean eta erabileran gauzatzea. 

Aditu Korrikaren deiadarra. Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.

Martxoaren 19an piztuko da Korrikaren garra!

Gorka Zubizarreta
Diseinua eta sormena.