Alkartzen dan herrixa ez da inoiz hilko!

Garai nahasi eta zailak bizi ditu gizarteak; ditxosozko Covid-19ak ustekabean harrapatu gaitu guztiok eta ondorioak latzak ari dira izaten. Bizitzaren arlo asko izan dira kolpatuak eta ugariak dira une honetan gizartean dauden premiak.

Beste esparru askok bezala, negozio txikiek jasotako kolpea itzela izan da. Gizartea jabetzen hasi da negozio horiek gure egunerokoan duten berebiziko garrantziaz eta Arteman Komunikazioan, mezu hori indartu nahian, Debagoieneko gazte zein nagusiri gure herriak bizirik mantentzeko funtsezkoak diren saltoki, ostalaritza eta zerbitzu txikien garrantziaz ohartarazteko ekimena jarri dugu martxan. Eta musikaz baliatu gara horretarako. Aurkitu dugu herriaren, komunitatearen, garrantzia irudikatzen duen abesti ikoniko bat –Negu Gorriak taldearen ‘Gora Herria’-; egokitu ditugu hitzak; eta bilatu dugu kantua bere egin eta komunitatearen hauspo lana egin(go) duen musika taldea ere –The Potes-. Fermin Muguruzak ere baimen guztiak eman dizkigu eta ekimena txalotu du!

Bai Arteman Komunikazioko lantaldean, bai The Poteseko lagunen artean eta bai parte hartu duten Debagoieneko ostalari, merkatari eta ekintzaile guztien artean egon da proiektu guztia gidatu duen sentimendu komun bat, atmosfera berezi bat sortu duena: ilusioa. Covid-19ak gauzak konplikatu dizkigulako, bai, baina elkartasuna, tokikoaren balioa eta elkar zaintza ere ekarri dituelako. Horrexegatik egin nahi izan diegu oparitxo hau, gure ekarpen xume hau, Debagoieneko negozio txikiei eta bertan bizi diren pertsonei. Eta baita gure buruari ere, komunitatearen parte garelako batetik; eta oso-oso proiektu ilusionagarria eta bateratzailea izan delako bestetik.

Bateratzailea gure artean eta baita komunitatearekin ere, elkarlanean sortu baita emaitza eder hau. AEK-ko Oskar Elizbururen laguntzarekin kantuaren hitzak gure izatera eta euskalkira moldatu ditugu. Luzaroan entsegu eta kontzerturik egin gabe zegoen The Potes taldea kontratatu eta konfinamenduan taldekide bakoitza bere etxetik kantua bere egin eta aberasten jardun dute. Arrasateko Shot! grabazio estudioko ateak berriro zabaldu ditugu eta Iñaki Bengoak mahaiaren atzetik mimoz borobildu du kantua.

Errasti zerrategia mozorrotu eta argiztatu dugu bizitza berria emanez, eta Kepa Errastik emandako erraztasunekin eta beti ere segurtasun neurriak hartuta magiaz betetako agertoki bihurtu dugu bere lantokia. Azken hilabeteotan geldi dagoen RSound soinu enpresako Iñigo Herrerosek ere pozik hartu du gure deia, eta grabazioa atontzeko azpiegitura ekarri du Bergarako bere lokaletik. Arrasateko gaiteroek ere gustura egin dute bat deiadar herrikoi eta rockeroarekin. Eta Ekiñe Casado arrasatear gazteak liluratu gaitu kantua bere ahotsarekin aberastuz. NereaM gimnasioko kideek, aldiz, dakitena, gorputz espresioa eta dantza, gehitu dizkiote kantuari; izan ere, “dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko”.

Egoera latz honen kaltetu eta protagonista nagusienetakoak izanik, Debagoieneko negozio txikiak ordezkatzen dituzten 18 pertsona gonbidatu ditugu kamera aurrean jarri eta Debagoienari esateko guztion artean egin behar dugula aurre. Bizi izandako ezintasuna, urduritasuna, ilusioa eta aurre egiteko ausardia zein konbikzioa daude jasota, behingoz maskararik gabeko espresio eta ahaleginean.

Emaitza hauxe; Debagoieneko herrien alde, herritarren alde egiten dugun ekarpen xumea da Gora Herrixa!. Gora Debagoiena!