Zuekin zuzenean…

“Eraberritu edo hil” dio esaera zaharrak. Eta hori da denoi tokatzen zaiguna. Inguruan sortzen diren beharrei erreparatzea, aztertzea eta gure buruei aurre egin diezaiekegun galdetzea. Erantzuna ezezkoa bada, bi aukera: zerbait egin eta egokitu edo berdin gelditu eta aukerak galdu. 

Artemanen 2018. urtearen inguruan hasi ginen zuzeneko emanaldien zerbitzua eskaintzen, errealizazio mahaia eskuratu genuenean. Orain arte egia da ez dela gure zerbitzurik eskatuena izan, baina hala ere, apurka-apurka, errealizazioko materiala handitzen joan gara, zerbitzuak eskaintzen dituen aukerak handituz.  Testuinguruak momentu batetik bestera aldatzen direla ondo baino hobeko ikasi dugu dagoeneko eta bat-batean zuzenekoek dimentsio berria hartu dute. 

Artemanetik zentzu horretan ematen ditugun bermeak asko dira. Bezeroaren behar guztiak asetzeko moduko gaitasuna dugu. Bakoitzaren eskaera zehatzez gain, oinarrizko lan komun bat egoten da zuzeneko zerbitzuak eskaintzen direnean: aurreprodukzioa, gidoia eta formatua adosten dira, horretarako aholkularitza eskainiz; lokalizazioak egiten dira leku bakoitzeko beharrak identifikatu eta baliabideak planifikatzeko eta diseinu elementuak lantzen ditu gure diseinu taldeak, zuzeneko bakoitzak eskatzen dituen beharretara egokituz.

 

FAGOR ARRASATE

Fagor Arrasateko lagunek honako erronka hau planteatu ziguten: Zamudioko plantako lerro baten online aurkezpena, desmuntatu eta bere helmugara bidali baino lehen. Beharrak aztertu ostean, Artemanetik egin zitzaien planteamendua zabalagoa izan zen: platoa muntatu eta zuzenekoa egiteaz gain, branding prozesu oso bat egin genuen, horretarako diseinua eta web orria garatuz eta Fagor Arrasate Live Events sortuz. 

Ekimena web orrialde horretan emititu zen modu pribatuan, ikusle bakoitzak bere sarbide kode pertsonalizatua jaso zuelarik. Baliabide teknikoei dagokienean, hiru kamera eta haririk gabeko kamera bat erabili ziren. Azken hau, galdera txandan sortu zitezkeen zalantzei erantzuna ematerakoan, makinaren barnean sartu eta bertatik erantzuteko erabili zen.

Ekitaldiak arrakasta handia izan zuen eta ordutegi ezberdinak dituzten herrialdeetatik jarraitu zen, gonbidapena bidalitako pertsonen gehiengoa aurkezpenera konektatu zelarik. 

fagor-arrasate-zuzenekoa-arteman

 

IKERLAN ETA ORBEA: BI BATZAR OROKOR EREDU

Ikerlanek eta Orbeak, behar bera planteatu ziguten: batzar orokorraren emanaldi telematikoa. Baina aldi berean, oso eskaera ezberdinak ziren. 

Lehenengoaren kasuan, dena Zoom plataformaren bitartez emititu zen eta parte-hartzaileek zuzenean galderak egin eta bozketak egiteko aukera izan zuten. Orbearen kasuan, berriz, asanblada presentziala egin zen eta Vimeo plataformaren bitartez jarraitu zuten presentzialki egon ez ziren bazkideek, ikusle gisa. 

Nabarmentzekoa da, era berean, plato eta euskarri lagungarriak irudi korporatiboarekin egokitu zirela eta horrek eragin oso positiboa izan zuen markaren ikusgarritasunean. 

Kasuak kasu eta zailtasunak zailtasun, esperientzia bakoitzetik ateratzen dugu ikasketa bat, eta egoera honetan ere, aukera baliatuko dugu gure esperientzia eta ezagutza erabilita zerbitzuak berritu eta hobetzeko.