Autobusak bihar eta berandu

Sortzerako garaian inoiz sentitu dut hizkuntza bat bestea baino hobea dela. Hobea baino nahiago dut errazagoa esan. Edo arinagoa, azkarragoa, iradokitzaileagoa. Denbora luzean hizkuntza hori gaztelera izan da niretzat. Idazte hutsak arrakala txiki bat sortzen dit bihotzean. Zure gelako sabailan dagoen arrakala horietako bat bezalaxe. Ez dakizu noiz atera den, baina hortxe dago. 

Askotan pentsatu izan dut euskaraz ezin dudala sortu. Esaldiek ez dutela soinu bera, matiz bera, pisu bera. Eta gehienetan zaila egin zait pentsamendu hori ulertzea, euskaraz bizi bainaiz oro har. Gero, ordea, nire burua Bartzelonan metroa hartzen ikusten dut ‘Creatividad Integral’ eta ‘Escritura Creativa’-ko klase snob batzuetara joateko, eta ideiak argitzen hasten zaizkit. Idatzi dut, pentsatu dut eta sortu dut bai, baina ez euskaraz.

Euskal Herriara itzulita… Hemen asko gertatzen da gazteleraz sortu eta, ondoren, bigarren plano batean bezala, euskarara itzultzearena. Baina denok dakigu horri kiratsa dariola. Horrelako batekin topo egiten duzunean piezak ez datoz bat, zerbaitek huts egiten du eta kasurik onenean, behintzat, memerako ematen du. ‘Autobuses mañana y tarde / Autobusak bihar eta berandu’ etorri zait gogora. Tira, kasu horretan agian ez da hain itzulpen txarra. 

Esan nahi dudana da, ez dela hain erraza euskaraz sortzen duten pertsonekin topo egitea. Ezta haientzat eta haiekin euskaraz sortu nahi duten horietara heltzea ere. Baina, egon bada. Badira. Eta oasi hori zaindu egin behar da, landu, errotu. Aurkitzen denean eta, are gehiago, mantentzen denean, altxorra baita. Hemen, Artemanen, diogu sormenak badituela hamaika bide. Eta hala ditu euskarak ere.

Lide Mendiaraz.