Sormena eta jasangarritasuna: bideak gurutzatzen direnean

Ez nuen espektatiba handirik… baina ilusioz joan nintzen, jakinminarekin, ea sormena eta ekoberrikuntza nolabait lotu zitezkeen. Denok oso garrantzitsutzat jotzen dugu ingurumenaren jasangarritasuna eta berrikuntza ondo komunikatzea, ezta? Jadanik egiten da? Nik ez dut ikusten? Edo oraindik ez dugu argi zer den benetako jasangarritasuna, eta zer itxurakeria hutsa?

Galdera horiek buruan nituela hartu nuen parte Crossing Bide jardunaldian. Aclima eta Conexiones Improbables-ek antolatu zuten, eta Zamudioko Waste Lab-en elkartu ginen sektore ezberdinetako lagunak: ekonomia zirkularra, kultura, ingurugiroa, berrikuntza soziala, sormena… Batzuetan elkarrengandik oso urrun dauden munduak dirudite, baina elkartzen direnean… sorpresak eta konexioak sortzen dira.

Han, ustekabean, artista batek enpresa handi bat inspiratu zuen. Aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duen diseinatzaile batek harremanak sortu zituen klusterreko kideekin, erakundeetako arduradunekin edo ingeniaritzaren munduarekin. Irudimena, sormena, konfiantza eta enpatia aipatzen ziren… ez soilik apaingarri bezala, baizik eta elkarlan jasangarriaren oinarri gisa.

Asko markatu ninduen kontzeptu bat ere ezagutu nuen: “berrikuntza gurutzatua”. Hau da, sektore ezberdinak gurutzatzen direnean agertzen diren ustekabeko irtenbideak. Baina horretarako funtsezkoa da elkarren artean entzutea, ezagutzea eta gertagaitza dena onartzea.

Inspirazio gisa, aipagarria iruditzen zait Rehogar proiektua Makea Tu Vida-ren eskutik, edo British Council Arts nazioarteko loturak sustatzen dituen artearen inguruko plataforma eta sare globala. Bertan ere jasangarritasunaz hitz egiten da, kultura eta afektuetatik abiatuta, ez datuetatik soilik.

Azken batean, jardunaldiko gauzarik garrantzitsuena ez zen egitaraua bera —interesgarria bazen ere—, baizik eta pertsonen arteko harremanak. Izan ere, eko-berrikuntzaz hitz egin aurretik, elkarren artean komunikatzen jakin behar dugu. Eta benetako loturak sortzen baditugu, konexioak eraikiz, etorkizun jasangarri bat sortuko dugu, bizirik eta sormenetik errotuta.

Josu Pedruzo.