Internet ‘kakaztea’ eta adimen artifiziala
Azkenaldian, sarean topatu ditudan bi artikuluk (Maldita.es-ekoa eta Maider Tomasenarena) pentsarazi didate. Biek ala biek lotura zuzena egiten dute Interneten bizi dugun ‘kakazte’ prozesuaren (ingelesez enshittification) eta Adimen Artifizialaren (AA) gorakadaren artean.
Niretzat, sarea leiho irekia izan da beti: bertan sormen proiektu harrigarriak ezagutu ditut, eta militantziarako ezinbesteko tresna izan da. Baina paisaia aldatzen ari da, eta oso azkar.
Adimen artifiziala, kaskarkeriaren azeleratzailea
Sarri entzuten da AAk eduki “txarra” edo “zaborra” sortzen duela. Eta hala da. Baina, egia esan, lehen kaskarrak ziren testuak orain ere erdipurdiko egiten ditu AAk. Ez du kalitate txarra sortzen berez; lehendik dagoen kaskarkeria anplifikatu eta biderkatzen du, abiadura industrialean.
Gakoa ez da AAk idaztea, baizik eta nola eta zertarako erabiltzen den. Interneten hasierako promesa (informazioa demokratizatzea eta ahots berriei lekua egitea) arriskuan dago. Zergatik? SEOrako optimizatutako eta inolako baliorik gabeko artikulu automatizatuez osatutako itsaso baten aurrean gaudelako.
Maider Tomasenak zioen bezala, AAk “zintzo izatera behartzen gaitu”. Azken finean, makina batek erdipurdiko eduki bat egin badezake, agian gure giza-lana ez zen uste bezain berezia. Benetako balioa, orain, originaltasunean, ahots propioan eta ekarpen errealean dago.
Erabilera pragmatikoa, baina kritikoa
Aitortu behar dut: nik neuk ere erabiltzen dut AA. Egunerokoan laguntzaile bikaina da: bideoak transkribatzeko, txosten luzeak laburtzeko edo akten zirriborroak egiteko tresna azkarra da. Denbora asko aurrezten du.
Baina tranpa du. Esperientziak erakutsi dit AAren emaitzak ezin direla inoiz itsu-itsuan onartu; berrikuspen sakona behar dute. Tresna hauek, oraindik ere, pertsona baten gainbegirada kritikoa eskatzen dute, hankarik sartu nahi ez badugu.
Ez da arraroa datuak asmatzea, informazio garrantzitsua ezkutatzea edo hitzen esanahia aldatzea, ustezko koherentzia baten izenean. Konfiantza itsua ematen badiogu, emaitza, onenean, okerra izango da; okerrenean, desinformatzailea.
Giza-iragazkiaren beharra
Artikuluek aipatzen duten ‘kakazte’ hori ez da berria, baina AAk prozesua bizkortu du. Gure esku dago tresnari zein norabide eman. Zabor gehiago sortzeko erabil dezakegu, edo, alderantziz, lan mekanikoenak arintzeko eta gure denbora benetan baliotsua den horretan inbertitzeko: sormenean, analisi kritikoan eta ekarpen pertsonalean.
Internet sormenerako eta militantziarako gune izaten jarraitzea nahi badugu, ezinbestekoa izango da giza-iragazkia aktibatzea. Adimen Artifiziala laguntzaile bat da, ez ordezko bat. Momentuz, behintzat.