Badago zerbait hor kanpoan

Asier Lekue/

Bakarrik gaude unibertsoan? Ba al dago bizitzarik gure planetaz harago?

Gizakiaren hausnarketa eternal bat dugu existentziaren ingurukoa. Kontrolaezina dena kontrolatu nahian gabiltza, eta ezezaguna zaiguna arakatzeko beharra sentitzen dugu. Baina bakarrik al gaude unibertsoan? Ez. Badago zerbait hor kanpoan. Publizitatea da.

Nork pentsatuko zuen astronauta batek espazioan zehar kabriolet bat gidatu behar zuenik? Ba gertatzen ari da. Elon Musk ingeniariaren Space X konpainiak Falcon Heavy izeneko kohetea espazioratu zuen pasa den otsailaren 6an. Gizakiak inoiz orbitan jarritako suziririk ahaltsuena dugu, eta datu hau historia egiteko nahikoa ez balitz, espazio-ontzian kotxe bat daramala espazioratu zen, Tesla Roadster bat konkretuki. Space X eta Tesla konpainien zuzendari den Muskek diseinaturiko marketing kanpaina baten emaitza dugu hau, inoiz ezagutu ez den bidaia espazial bat sortuz. Starman izenez bataiaturiko panpina dugu bidaiaren komandante, eta poz-pozik ikus dezakegu bere Tesla Roadsterra espazioan zehar gidatzen. Astronauta honen bidaia Youtuberen historiako bigarren zuzenekorik jarraituena bilakatu da, bi milioitik gorako ikuslerekin. Hau da, bi milioi pertsona baino gehiagok ikusi dute Tesla Roadster kotxea espazioan zehar bidaiatzeko gai dela, eta egin apustu konpainiako kreatiboek slogan moduan mamia aterako diotela operazioari.

Badago zerbait hor kanpoan, Starman dago, Tesla dago, eta Space X dago. Eta aurretik egon direnak. Gure astronautaren bidaiari Youtubeko zuzenekoen erregetza ukatzen dion balentria Red Bull Stratos erronka baita, Felix Baumgartner austriarrak estratosferatik Lurrera salto egin zuenekoa. Red Bull Gives You Wings. Esan eta egin, egiteko espaziora irten behar arren. Markaren leloaren irudikapen ezin grafikoagoaren bila Lurra txiki geratu zitzaion edari etxeari 2012an, 8 milioi pertsona baino gehiagoren zuzeneko jarraipena izanik.

Publizitateak bide berriak zabaldu ditu, dimentsio berri batera salto egin du, marka komertzialek lehiarako toki berri bat aurkitu dute, pribilegiatu gutxi batzuen esku dagoena. Esan daiteke kontakizun berriak eraikitzeko ahalmena oraindik badugula, eta hori pozgarria da. Egia da balentria hauek burutzeko baliabide teknologiko eta batez ere ekonomikoak izatea ezinbestekoa dela, baina behin hauek edukita neurriko istorio bat eraikitzeko gaitasuna ere izan behar da. Garaiak aldatuko dira, espazioa konkistatuko dugu eta agian beste planeta bat okupatuko dugu, baina publizitatean arrakastaren gakoak berdina izaten jarraituko du, eskura ditugun baliabideak zukutu publikoak kontsumitu nahi duen kontakizun bat eraikitzeko. Hori baita hain zuzen Teslak egin duena, baliabide izugarriak esplotatu zientzia-fikziozko abentura espazial bat errealitate bihurtzeko.

Ez dakigu Teslaren abentura zertan geratuko den, ezta Starman bidaiaria Lurrean bueltan ikusiko dugun, baina badakigu bere bidaia betirako izango dela gure historiaren parte. Badago zerbait hor kanpoan, eta kreatibo kontsideratzen garen heinean hau interpretatzeko gai izan behar gara, aukera berriak aprobetxatu gure sormena garatzeko. Ez gaude bakarrik, publizitate formula berriak ditugu bidelagun, infinituraino, eta handik harago.