Barrura begirako leihoak
[vc_row padding=”default-padding” bg_attachment=”scroll”][vc_column el_class=”col-md-8 col-md-offset-2″][az_column_text]
Barrura begirako leihoak
Barne komunikazioa enpresa komunikazioaren alderdirik ahaztuena izan da, izan ere, ahalegin eta baliabide guztiak kanpo komunikazioan ezarri dira tradizionalki. Tendentzia hori, hala ere, aldatzen ari dela dirudi, etxe barruan komunikazioa kudeatzearen garrantziaz jabetzen ari baikara apurka-apurka.
Egun bizi dugun krisi egoera honetan, oso agerian gelditu da erakunde bakoitzak zenbateraino zituen bere etxerako lanak eginda. Barne komunikazioari dagokionean, oso errealitate konplexuak aurkeztu zaizkigu denoi: kolaboratzaileen deszentralizazioa, lan egoera ezberdinak (ERTEak, langile aktiboak…), kolektiboaren digitalizazio maila desorekatuak… eta horri guztiari erantzuna eman behar izan diogu berez oso ezegonkorra den momentu batean. Baina, nondik hasi etxea atontzen?
Egoeraren jabe
Lehenengo gauza barne komunikaziorako ditugun baliabideak berrikustea da: kanalak, giza baliabideak… Azken hauei dagokienean, ez da nahikoa komunikazioaren ardura hartuko duen norbait izatearekin, informazio jeitsierak egin behar izanez gero, horretarako beharrezkoak ditugun pertsonen gaitasunak ere neurtu behar baititugu. Eta hemen galdera garrantzitsu bat: gure erdi mailako arduradunek, garatuak al dituzte komunikazio gaitasunak? gai al dira nahi dugun mezua, nahi dugun moduan helarazteko? Laburbilduz, gure barne kolaboratzaileekin komunikatzeko dugun gaitasuna neurtzea da egin beharreko lehen lana.
Mezurik gabe, komunikaziorik ez
Behin gure abiapuntua ezagututa, komunikazioan klabea den horri erreparatu behar diogu: mezuari. Zer esan nahi dugu? zer da gure kolaboratzaileei komunikatuko dieguna?
Helarazi beharreko informazioa ondo estrukturatu behar da, maila ezberdinetako bozeramaileek esan beharrekoa argi izan dezaten. Erakundeak diskurtso definitu bat izan behar du, argia izan behar da, zalantzarako leku gutxi uzten duena, zurrumurruak ahal den heinean ekiditeko. Gure publiko helburuarengan sortuko diren zalantzak eta galderak aurreikusi behar ditugu beraz, galderak minimizatzeko edo sortu daitezkeen horiei erantzuna emateko. Aurreikuspenak eta erantzun gaitasunak garrantzitsuak dira beti baina, bereziki, krisi eta ezjakintasun egoeretan.
Emozioak eta beldurrak tartean
Horrelako krisi egoera batean, bereziki zaurgarri sentitzen dira barne kolaboratzaileak eta emozioen eta beldurren kudeaketa zuzen bat egitea ere hartu behar dugu kontuan. Emozioen kudeaketa hau konfiantzatik eta enpatiatik egitea komeni da. Garrantzi berezia hartzen du lan honetan taldeen entzute aktiboa egiteak: zer jakin nahi dute? ze behar dituzte informazioari dagokionez? zeintzuk dira bere beldurrak? Agian behin galdera hauen erantzunak edukita, gure publikoaren segmentazioa birplanteatu beharko dugu edo ez, baina garrantzitsua da entzute ariketa hau egitea erakundearen maila emozionala neurtzeko.
Laburbilduz, orokorrean barne komunikazioaren kudeaketa arrakastatsu bat egiteko eta zehazki krisi egoeran zentratuta, abiapuntua ezagutzea, entzute aktiboa egitea, mezuak ondo ezartzea, bozeramaileak lerrokatuta izatea eta kanalen egokitzapen on bat egitea dira kontuan hartu beharreko ildo nagusiak, ahal dugun heinean komunikazio oso jerarkizatuetatik aldendu eta erakunde barneko elkarrizketa sustatuz.
[/az_column_text][/vc_column][/vc_row]