ARTEMANentzat ere HARBIDE ZILAR BAT

Gorka Etxabe/

Harbide zilar bat izaten ari da guztiontzat.

Halabeharrez barrura begira jarri gara. Ispiluaren aurrean, biluzik, beldurrez baina itxaropenez etorkizunari begira. Geltoki ezezagunean egin ditugu azken hilabeteak, billetea erosi guran, baina norantz goazen jakin gabe.

Ziurgabetasun eta zalantza ugari ditugu. Erantzunik gabeko hamaika galdera. Zer aldatuko da? Norantz goaz? Nolakoa izango da normaltasun berria? Merkatuak aginduko du berriz, ziur gaude, baina zein merkatuk? Nolakoa izango da errealitate hori? Hamaika teoria entzun ditugu, batzuk ulergaitz, beste asko arrotz, konprenitzea zein zaila den! Agintzen du ezjakintasunak. Baina bada beste balio bat ere, indarrez ate joka datorrena: ausardia.

Eta azken balio horrek, ausardiak, motibatu nau.

Lerro hauek idatziko ditut. Azaldu nahi baitut nolakoa izan den azken bideoaren sukalde lana. Artisten baimenarekin, noski. Guk lana jartzen baitugu… baita irizpide batzuk ere. Eñaut Elorrieta eta Fernando Velazquez artista handien proposamena jaso genuenean, ausartak izan ginen beste behin. ARTEMANen badakigu ausardiaz erronkei aurre egiten, eta krisi garai izugarri hau erronkez beterik dator ate joka.

Fernandok eta Eñautek esan ziguten zein proiektu zuten esku artean; itxaropena, etorkizuna, doinu eta musika ederra, ezagutu izan dugun eta une honetan galtzear dugun bizitzaren berreskuratzea… Hori guztia zela Harbide zilar bat. Eta dudarik ez genuen izan. Diru gutxi dago, esan ziguten… Berdin da, esan genien. Artxiboak grabatu ditugu etxean eta batzuk ez dute kalitate handiegirik… Egingo dugu zerbait, erantzun genien. Eta horrela hasi zen prozesua, eta iritsi gara helmugara. Aurkeztu du bideoa ETBk eta harro gaude egindako lanarekin.Bideoaren ekoizpenak, baina, beste ikasgai ugari ekarri dizkigu.

Abestia bera izan daiteke ARTEMANen bizi dugun egoeraren metafora. Zorionez krisiak ez digu ezer kendu eta asko eman digu. Ikasgai elegantea izaten ari da, zentzu askotan, baita merkatu berrien aurkikuntzan ere. Erakutsi digu egoera berrietara egokitzeko gaitasuna dugula, eta talde-lana sustatzeko teknologiak eskaintzen dizkigun erremintak erabiltzen jaioak izan gaitezkela. Erakutsi digu A planak baduela B plan bat. Eta helmuga berrietara iritsiko gara, dudarik gabe, beste behin, guztiok elkarrekin gaudelako.

Bukatzeko, esker mila Eñaut, Iñigo, Fernando, Carmen, Haritz, Ernesto, Josune, musikari eta abeslari guztiak, eta bereziki nire lankide Josu Txintxurretari. Ona zara, Txo!!