Testaje Aia: Mugarri bat lehen sektorearentzat

Koronabirusak eragindako osasun krisialdiaren ondorioz egoera berriei aurre egin behar izan diegu, bai erakundean zein proiektu berriei aurre egiterakoan. Egoera honek hain zuzen ere gure erakundeak azken aldian aurrera eraman duen erronka nagusienetako bati erantzutea eskatu digu, eta honi erantzunez Euskal Herrian online egin den lehen ganadu enkantea antolatzeko beharrezko plataforma garatu dugu.

Salmenta aurreikuspenak beteta

Artemanetik bertan antolatutako lehen enkantetik gabiltza komunikazio zerbitzuak eskaintzen Aiako Testaje Zentroari, eta bederatzigarren edizio hau izan da online egin den lehena, COVID-19 pandemiaren ondorioz eman diren jende pilaketen murrizketen testuinguruan. Enkantearen arrakasta bermatzeko, pujak denbora errealean egiteko sistema berezi bat zuen e-commerce webgune berri bat eratzeari ekin genion, honako sarbidea antolakuntzak balioztatutako abeltzainek soilik zutelarik. Guztira, 107 izan ziren parte-hartzaileak, eta enkantean jarritako 36 zekorretatik 30 saldu ziren. Esleitutako animaliak Euskal Autonomia Erkidegoko ustiapenetara joan ziren, baina baita ere Nafarroa, Ávila, Burgos, Huelva, Salamanca edo Soriara ere, besteak beste. Enkanteko preziorik altuenean Gatikara (Bizkaia) saldutako Limusin arrazako bat eta Lizurdiagara (Nafarroa) saldutako Blonda arrazako bat esleitu ziren, 3.300 eurotan alegia. Guztira, salmenta bolumenak 60.000 euroak gainditu zituen.

Erronka itzela

Artemanen lehen aldiz egin genion aurre magnitude honetako erronka bati, eta esan dezakegu emaitzak pozik utzi gaituela. Benetako erlojupekoa leihatu genuen plataforma ekitaldia baino egun batzuk lehenago prest izan eta probak aurretiaz egin ahal izateko. Era berean, abeltzainentzat ere berritasun bat suposatzen zuela ulertuz, online txat zerbitzu bat instalatu genuen, enkantea martxan zegoen bitartean partaideen zalantzak denbora errealean argitu ahal izateko. Ez genuen inoiz egina, baina jada bagaude hurrengora begira, eta hurrengoan ondo egindako lanak ematen duen konfiantza izango dugu lagun.