Mundua K.o (Koronabirus ondoren)
[vc_row padding=”default-padding” bg_attachment=”scroll”][vc_column el_class=”col-md-8 col-md-offset-2″][az_column_text]
Mundua K.o (Koronabirus ondoren)
Inork ez zuen hau espero. Ezustean harrapatu gaitu jada 198 herrialdetara iritsi den bisitariak. Egoera egunetik egunera aldatzen ari da eta denok harrapatu gaitu jokoz kanpo, bat-batean gure bizimodua errotik aldatu delako. Pertsonak aldatu gara, gizarteak aldatu dira eta merkatuak eta kontsumo ereduak ere bai. Horrek, komunikazioan aritzen garenok egokitzera eraman behar gaitu, derrigorrez. Ez bakarrik eskaintzen ditugun produktu eta zerbitzuetan, horiek eskaintzeko modua ere errotik aldatuko baita.
Lehen aurrez aurre egiten genituen ekintzak orain modu digitalean egitea posible dela ikusi dugu. Online erostea normaltzat hartzen dugu, bai, baina beste jarduera batzuk presentzialki egitera ohituak gaude: kirola egin, formazioa jaso, lan egin… bat-batean dena dago gure ordenagailu eta mugikorretan, eta bizitza etxetik atera gabe egin dezakegu. Zoom, Skype edo Hangouts gure egunerokotasunaren parte bilakatu dira eta ez bakarrik lan ingurunean, mota honetako programek %1270eko hazkuntza izan baitute. Krisi honek online bizitza azeleratu du.
Egungo egoera deskribatzen duen hitz bat hautatu beharko bagenu, hori ezjakintasuna da. Ez dakigu krisi honek zenbat iraungo duen eta ez dakigu amaitzen denean gizartea aurreko egoerara itzuliko ote den, badirudi ezetz. Hasteko, atzerapen ekonomikoa errealitate bat da. Adituek aurreikusten dute konfinamendu hilabete bakoitzeko BPGa %2 eta %3 artean eroriko dela. Nola garatuko den ere ez dakigu baina pertsona askoren bizitzari eragingo diola agerikoa dirudi. Langabeziaren hazkuntza hasia da jadanik, EAEk martxoan 10.974 langabe gehiago ditu eta hori aurreikusten den krisi ekonomikoari bateratzen badiogu, gizartearengan ezbai eta hauskortasun sentsazioa areagotzen du, bizitza eta kontsumo estiloetan eragina izanik. Kontsumitzaileak badaki, esperimentatu du, gutxiagorekin bizi daitekeela, ingurumenaren egoeran inpaktu zuzena duela ikusi du eta horrek zentzu eta ardura handiagoz jokatzera eramango du hemendik aurrera. Ezegonkortasun sentsazio horrek, bestalde, ondoan dugunera gerturatu gaitu. Globala izan arren, krisi honek lokala indartu du. Auzoa, herria, eskualdea… ezjakintasunak, ezaguna dugunera, konfiantza ematen digunera itzularazi gaitu; nolabait gure ezbaia ziurtasun bilakatu nahian.
Laburbilduz, gertuko kontsumoa areagotuko da, etxetik egindako online kontsumoarekin batera. Ondorioz, turismoa, ostalaritza edo aisialdiaren sektoreak kaltetuenak izatea aurreikusten da, teknologia, osasuna edo telekomunikazioenak aukera berri gehien izango dituztenen artean kokatzen direlarik. Komunikazioan ari garenok, gure partetik, berrikuntzarako prest egon behar dugu, bai bezeroei eta sektoreei dagokienez, bai gure produktuen eskaintzari eta horiek eskaintzeko moduari dagokionez.
Erronkaz betetako hilabeteak datozkigu!
[/az_column_text][/vc_column][/vc_row]